Bozeramaleen Mahaiaren Adierazpena

Ordiziako udalerrian pasa den asteburuan  eman diren eraso sexisten aurrean,

Ordiziako Udalak, Bozeramale Batzordearen bitartez, honako puntu hauek publiko egin nahi ditu: 

1.a- Ordiziako Udalak bere gaitzespena adierazten du eraso sexista hauen aurrean, eta horrekin batera laguntza eta elkartasuna adierazten dizkio eraso  jasan dituzten emakumeei.

2.a- Ordiziako Udalaren iritzia da indarkeria matxista ez dela soilik eraso fisikoa edo bortxaketa. Aitzitik, bestelako adierazpenak ere indarkeria matxistaren erakusgarri dira: sexu-jazarpenak, onarpenik gabeko ukipenak eta musuak, hitz edo begirada iraingarriak, jokaera astunak, xantaia egitea harreman sexualak lortze aldera...

3.a- Ordiziako Udalak herritarrei dei egiten die berea bailitzen hartzeko indarkeria onartezin honen kontrako borroka eta egunero erne egon eta konpromisoa har dezatela hori jasaten duten emakumeei laguntza eskintzeko eta beraiekin solidarizatzeko.

4.a- Ordiziako Udalak konpromisoa hartzen du indarkeri sexistaren prebentzioan lanean jarraitzeko horretarako emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko politikak ezarri eta garatuz.

5.a- Ordiziako Udalak herritarrei gogorarazi nahi die badirela baliabideak edozein indarkeri matxistari aurre egin nahi dioten emakumeen eskura.  Erantzun azkarra eskatzen duten kasuetan: 112 telefonoa, 943224411 (Aldundiko urgentzi zerbitzua), 900840111 (Eusko jaurlaritza) eta Udaltzaingoa. Laguntza eta orientazioa: Udaleko Berdintasun Saila (943805610) eta Gizarte Zerbitzuak. 

6.a- Ordiziako Udalak dei egiten die herritarrei gaitzespena adierazteko bilkuran parte hartzera, gaur, ostirala, uztailak 24, 11:30etan Plaza Nagusian eta horrelako jazarpenen aurka aktiboki parte hartzeko eta festa inklusibo eta parte hartzaileen alde lanean jarraitzeko.

Ordizia, 2015eko uztailaren 24a
 

EAJ-PNV              EH BILDU             ORDIZIA ORAIN                               PSE        IRABAZI