OIANGUN LANDARE-HESIA SORTZEKO AUZOLANA MARTXOAREN 22AN EGINGO DA

2015-03-13 auzolanaParte hartu nahi dutenek hilaren 18rako eman behar dute izena

Oiangun landare-hesia sortzeko auzolana martxoaren 22an egingo da azkenean, igande honetarako egindako deialdia eguraldiarengatik bertan behera uztea erabaki eta gero. Auzolanean parte hartzeko hilaren 18rako eman behar da izena udaletxean, boluntarioen asegurua kudeatu ahal izateko. Auzolanean Oiangutik Oiangutxikira bidean landare-hesi bat egingo da, eta ongarri modura 2014ko apirilean auzolanean egin zen konposta erabiliko da. Ekintza hau Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Oiangu parkearen ezagutzarako eta kontserbaziorako iaz sinatutako lankidetza hitzarmenaren barruan antolatu da.

Auzolanaren helburua Oiangutik Oiangutxikira bidean landare-hesi bat sortzea da. Horretarako elorri-zuriak, elorri beltzak eta fruta-arbola gutxi batzuk landatuko dira, eta ongarria iaz egindako konposta izango da. Auzolana goiz osokoa da (09:30-13:00), eta parte hartzaileak Oiangu baserriaren atarian elkartuko dira. Lanerako materiala udalak jarriko du, eta lanerako arropa aproposa eramatea gomendatzen da.

Landare-hesiak soroak eta belardiak mugatzeko erabiltzen diren egurrezko estruktura biziak dira. Hauek, nekazal eremuen paisaiaren kalitatea hobetzeaz gain, dibertsitatea handitu eta onura ekologikoa suposatzen dute; izan ere, inguruko hegazti, ugaztun edota intsektuentzako elikagai-iturri zein bizitoki bilakatu daitezke.

IZENA EMATEKO
Tokia: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera idatziz (Izen-abizenak eta telefono zenbakia adieraziz)
Epea: Martxoak 18, asteazkena
Izena emateko beharrezkoa da (asegurua egiteko):
18 urtetik gora: Nortasun agiriaren kopia.
18-16 urtekoek: Nortasun agiriaren kopia eta gurasoen baimena.
16 urtetik beherakoak gurasoen zaintzapean joango dira.

Dokumentu hauek goian aipatzen den helbidera bidali behar dira.