ORDIZIAKO UDALAK HERRITARREN PROPOSAMENEKIN GARATUKO DITU 2015EKO AURREKONTUAK

2014-10-31 ordiziazabalikDatorren urtean Oianguko baserrian taberna-jatetxe zerbitzua martxan jartzeko lanean ari da Ordiziako Udala Basque Culinary Centerrekin

'Ordizia Zabalik' partaidetza prozesuaren barruan eragileengandik eta herritarrengatik jasotako proposamenekin garatuko ditu Ordiziako Udalak 2015eko aurrekontuak. Eragileekin egindako lan bileretan eta auzoetako egin diren bost bileretan 400dik gora proposatu jaso ditu udalak, horietatik 45 lehentasunezkotzat jo zituen, eta atzo udaletxeko pleno aretoan egin zen osoko bileran aurkeztu zituen gobernu taldeak datorren urteko aurrekontuetan txertatuko dituen hainbat proiektu. Horrez gain, datorren urteari begira lantzen ari den bi proiektu eman zituen ezagutzera Ordiziako Udalak: P21eko igogailua eta Oianguko baserrian, BCCrekin elkarlanean, taberna-jatetxe zerbitzua eskaintzen hastea. 2015eko aurrekontuei begirako udal proposamenak irisgarritasunean, mugikortasunean, enpleguan, politika sozialetan eta ingurumenean oinarrituko dira aurten ere.

2015erako aurrekontuetarako udal proposamena bi ataletan banatu du udalak. Hirugarrenik, aurrekontura eraman aurretik bestelako gogoeta edo hausnarketa behar duten proiektuak daude, aholku batzordeetan edo berariaz sortutako lan-taldeetan landuko direnak. Eta azkenik, udalak berak datorren urteari begira dituen proiektu aipagarrienak.

1.- AUZOETAKO BEHARRAK ASETZEA

Behar nagusi bat antzeman da, mantenu planak (espaloiak, asfaltatuak, parkeak, udal eraikinak) egiteko beharra. Plangintza horren diseinua izan beharko da udalaren talde teknikoaren lehentasunetako bat. Alabaina, jaso diren proposamen gehienak bi norabidetan izan dira, eta orokorrean auzo guztietan.

a.- Batetik, garbiketa arazoak daudela antzeman da. Ordiziako Udala harro dago garbiketa udal zerbitzuen bitartez emateaz. Azken 15 urteetan lan talde bera aritu da lanean eta bien bitartean herria eraldatu egin da: auzo berriak, ekipamendu berriak, behar berriak. Premiak erabakia lehenestera eraman gaitu. Orain dela 10 egun bi kontratazio berri egin ditu udalak helburu hori betetzen saiatzeko. Ez da behin behineko erabakia, zerbitzuetako arduradunekin adostua da, eta datorren urtean jarraipena izango duena, egonkortzeko asmoarekin.

b.- Bestetik, auzoan egin beharreko obra lan ugari planteatzen dira. Aurreko urteetan bezala, behar hauei irtenbidea emateko enplegu planera joko du udalak. Asmoa urtea hasi bezain laster kontratazio berriak egitea da, kontratazio hauen bitartez udalak dituen hainbat behar asetzen direlako eta, horrekin batera, udal langileekin aritzeak aurrezpena dakarrelako. Dagoeneko martxan jarri da 2015eko enplegu planerako zirriborroa. Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak atera ditzaketen laguntzen inguruko informazioa bildu da eta planaren diseinua hasita dago. Urtea hasi bezain laster zeregin horietarako lan taldea indartzea da helburua. Hauek dira auzoetan lehenetsi diren lanak:

-Altamira eta Otegienea: Irisgarritasuna, landare-hesia eta 'Montañitako' zubia argiztatzea
-Buztuntza: Oria ibaiaren ertzeko pasealekua
-Eskarabilla, Urdaneta eta San Bartolome: San Bartolomeko tunela
-San Joan, Filipinak, Arana, Arramendi: Oreja parkeko komuneko teilatuen konponketa
-Erdigunea: Egutera bideko bihurgunea.

c.- Auzoetan baina, badira bestelako beharrak ere. Horiek guztiak teknikariekin lantzen ari da udala bakoitzari dagokion irtenbidea emateko.

2- HERRI IKUSPEGIA DUTEN PROPOSAMENEN ZEHAZTAPENA

Urriaren 2ko saioan oinarrizko dokumentu bat aurkeztu zuen udalak, eragileek egindako proposamenez osatua, eta Udalaren irizpideen arabera lehenetsia. Bilera hartan beste lau proposamen berri jaso ziren, guztira 45 proposameneko dokumentua osatu arte.

Udalak berretsi nahi du asmoa guztiak egiteko epekako mailaketa egitea dela, ez 45 horiek bakarrik, baita lehenetsi gabe geratu diren besteak ere. Udala kontziente da ez direla guztiak 2015ean egingo, baina aurrekontu horietarako egingo den proposamenak zehaztuko ditu orain egin ahalko direnak eta ondorengo urteetan egiteko bide orrian izango direnak.2015eko aurrekontuetarako honakoak lehenesteko proposamena egiten da:

-Frontoiko berogailua
-Lokalen berrantolaketa (Dorrea)
-Euskara erabiltzeko planak (ESEP)
-Garagartza plazako estalpea
-Majoriko lurzoru aldaketa
-0-100 parkea (Barrena parkean)
-Hileta zibilak egiteko tokia egokitzea
-Herriko eragileei diru laguntzak

3- MARTXAN JARRIKO DIREN LAN TALDEAK

Urriaren 2ko bileran azaldu zen badirela hainbat proposamen aurrekontura eraman aurretik bestelako gogoeta edo hausnarketa behar dutenak. Helburu horrekin, udalak abian dituen batzordeen bitartez, edo gaiari lotuta sortuko direnetatik, lan-taldeak osatu nahi ditu gogoeta estrategiko bat abiatzeko.

Helburu estrategikoak bidea eginez lortzen direla uste du udalak eta zentzu horretan, gaur gaurkoz, lan-talde desberdinak osatzea aurreikusten da. Lan taldeak gaika banatuko dira. Batzuek gaiaren arabera esparruko eragileei irekiak izango dira, eta beste batzuk herritarren osotasunari. Formulazio honen helburua da lan talde eraginkorrak osatzea, guztion artean proposamen orokor bat garatu ahal izateko.

Herri Kafe Antzokia

Datozen urteetarako egitasmo eraginkorrena izan daitekeela uste du udalak. Udal Gobernu honek garbi dauka tamaina honetako egitasmoa errealitate bihurtzeko ezinbestekoa dela eragile guztien arteko gutxiengo akordio bat, maila politiko zein sozialean. Prozesu honetatik atera diren emaitzetatik ondorioztatu nahi da borondate hori existitzen da, eta horregatik uste du udalak datorren urtea izan behar duela gutxiengo akordio horietara iristeko urtea.Kultura batzordean gaia indartzea da udalaren nahia, ahalik eta ekarpen gehienekin aurrera egiteko.

Majori Kiroldegia

Aurrez azaldu bezala, Majoriri lotutako proposamenen bat lehentasunez landuko da hurrengo aurrekontuko proposamenean, erabiltzaileek azaldu duten premiagatik. Baina Majoriren eraldaketa nagusia irailaz geroztik Aholku batzordetik planteatu den gogoetatik etorriko da.

Gaur egun EHUko ikerketa talde batekin harremana abiatu da Majoriko eraikinaren inguruko azterketa egiteko. Azterketa horrek ondorioztatuko du zein behar asebete daitezkeen egungo eraikinean.

Baina Aholku Batzordearen gogoetaren muina ez da hori, Majoriko eraikin berriaren (kuboaren) erabileraren definizioan datza lan nagusiak. Majori bere osotasunean ulertuko duen proiektu berri batean. Proiektu hori ez da gaurko beharretatik etorriko, gaurkoez gain, etorkizunean aurreikusten diren beharrak hartu beharko ditu aintzat. Lan hori egiteko udalaren babes osoa izango du Aholku Batzordeak.

Ordizia Lagunkoia

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak sustatutako ekimen bat da Euskadi lagunkoia (Ordizia Lagunkoia), eta herritarren parte-hartzearen bidez Euskadiko udalerrietako auzo eta inguruak hobetzeko helburua du ekimenak.

Ordiziak bat egin du ekimen honekin, eta lagungarriak edo "lagunkoiak" diren programak ipini nahi ditu martxan, orokorrean guztien ongizatea eta bereziki zahartzen doazen pertsonen ongizatea hobetzeko. Pertsona guztien bizitza kalitatea hobetzea da helburua, eta horretarako herritarren partaidetza, gizarte kohesioa, belaunaldi desberdinen arteko harremanak, herritarren eta administrazioaren arteko harremanak sendotu eta bultzatu nahi dira.

Merkatari eta ostalariak

Azken aldian izandako hainbat bileretan mahai gaineratu den beharrari aurre egiteko proposamena helarazi du udalak merkatari elkartera, herriari eragiten dieten egitasmoen inguruko jarraipen batzordea osatzeko proposamena. Udalak bere eskumenekoa du herriaren onurarako erabakitzen dituen proposamenak gauzatzea, baina jakitun da elkarteko zein elkartean ez dauden saltokiekiko harremana estutu behar duela udalak. Ahalegin horretan proposamena berresteko lan taldea osatuko da.

Hiri Hezitzailea

2008ko urtarriletik dago martxan Hiri-Hezitzailea proiektua Ordizian. Urte hauetan guztietan herriko hainbat eragilek hartu dute bertan parte, eta besteak beste, proiektuaren sozializazioa lantzea da oraingo egitekoa. Hiri Hezitzaileen Nazioarteko sare bateko partaide da Ordizia, eta azaroaren 13tik 16ra Bartzelonan egingo den Hiri-Hezitzaileen Nazioarteko XIII. Kongresuan hartuko du parte. Hiri-Hezitzaileek eskolatik haragoko hezkuntza ikuspegia dute, eta garapen pertsonal eta kolektiborako tresna modura ulertzen dute hezkuntza. Gizarte integrazioan, eta bizikidetzan eta elkartasunean urratsak egitea daude helburuen artean.

4- UDALAREN PROIEKTUAK 2015ERAKO (P21-EKO IGOGAILUA ETA OIANGUKO BASERRIA MARTXAN JARTZEA)

Eragileek, herritarrek eta auzoetako ordezkariek helarazitako proposamenak lehenetsi eta hierarkizatzeaz gain, udalaren ardura da herriaren onurarako proposamen propioak egitea. Guztiak ez, baina hurrengo aurrekontuetan zein datozen urteetan esanguratsuak izan behar luketen iniziatibak ahalbidetzeko proposamenak aurkeztu ditu udalak. Hala nola, egungo beharrei erantzuteko premiazkoa den bakarren bat ere bai. Horietatik guztietatik bi nabarmentzen dira, 21P-eko igogailua eta Oianguko baserrirako proiektua.

21P-ko igogailua

Aurtengo urtean Urdaneta oinezkoentzat egitea eta Agarre bideko sarrera egitea izan badira irisgarritasun eta mugikortasunean hartutako erabaki inportanteak, 2015ean gauzatu ahalko den egitasmoa 21P-ko igogailua izango da. Orain dela 15 jaso zuen udalak igogailua egiteko aurreproiektuaren moldaketa (urte hasierarik darama Udalak egitasmoa garatzeko pausoak ematen, teknikoki zein finantziazio mailan) eta aurrekontua.

Legegintzaldian zehar hainbat kokapen aurreikusi eta aztertu dira igogailu honentzat. Baina 21P-ko kokapena ebatzi da lehentasunezko bezala. Ez hasierako proiektuak jasotzen zuen eran, non igogailuaren ibilbidea Juan Amezketa kalean amaitzen zen. Baizik eta Urdaneta kaleraino igoaz, hartara, erdibidetik goiko kaleraino egongo litzatekeen desnibela gaindituz.

Udalak dena prest du aurrekontuetarako proposamena egiteko, baina proiektua ez du martxan jarri nahi bertako jabekideekin aztertu aurretik.Legegintzaldi hasieran izan ziren zentzu horretan lehen bilerak, baina proiektuaren garapena pausokatzearekin batera, bilera horiek berrartuko dira laster. Ezarrita dago horretarako lehen data eta berandu baino lehen proiektuaren garapenari ekingo zaio.

Oiangu parkea

Legealdi hasieran, martxan jarri zen lehen partaidetza prozesua Oiangukoa izan zen. Prozesu horretatik talde eragile bat sortu zen, eta talde horrek Oiangun gauzatzeko hainbat proposamen helarazi zizkion Ordiziako Udalari. Duela urtebete, talde horrek udalaren esku utzi zuen Oiangun gara daitezkeen proiektuen ardura.

Iazko udan Oianguko baserriaren teilatua konpontzeko 50.000 euroko inbertsioa egin zuen udalak. Aurten, Aranzadi Zientzia Elkartearekin lankidetza hitzarmena sinatu du udalak Oianguko natur baliabideen kontserbaziorako eta sentsibilizaziorako. Urtean zehar hainbat ekimen antolatu dira lankidetza horren barruan.

Eta duela zortzi hilabetetik hona, BCC Basque Culinary Centerrekin eta beste zenbait eragilerekin lanean ari da udala Oiangu baserrian taberna-jatetxe zerbitzua eskaintzen hasteko. Basque Culinaryrekin lan-talde egonkor bat sortu du udalak, hezkuntza eta formaziotik abiatuta, gastronomian, elikaduran, ingurumenean eta iraunkortasunean oinarritutako proiektu bat garatzeko.

Ordiziako Udala BCCrekin hitzarmen bat egiteko lanean ari da. Balizko hitzarmen horren barruan, besteak beste, 3. mailan dauden ikasleekin eskaniko luke zerbitzua BCCk. Ordiziako Udala Oiangu baserriaren beheko solairua egokitzeko lanen prozedura zehazten ari da, eta 2015aren lehen hilabeteetan jarriko litzateke martxan taberna-jatetxe zerbitzua.