‘ORDIZIA ZABALIK’ PARTAIDETZA PROZESUAK AURRERA JARRAITZEN DU

2014-10-29 ordiziazabalikBihar, hilak 30, egingo den bileran emango ditu ezagutzera Ordiziako Udalak 2015eko aurrekontuetan txertatuko diren hainbat proiektu

Bihar osteguna, hilak 30, udaletxeko pleno aretoan egingo den bileran (19:00) emango ditu ezagutzera Ordiziako Udalak 2015eko aurrekontuetan txertatuko diren hainbat proiektu. Egitasmo horiek herriko eragileekin jorratu den 'Ordizia Zabalik' partaidetza prozesuan eta auzoz auzoko dinamikaren barruan egindako bost bileretan jasotako ekarpenetatik eratorriak dira -ikus kronologia–. Lehentasunezko jotako 45 proiektu horietatik batzuk martxan daude dagoeneko, beste hainbat 2015eko aurrekontuetara egokitzeko modukoak dira, eta badira hausnarketa sakonagoa eta inbertsio ekonomiko handia eskatzen dutenak ere. Prozesuan landu ez diren proposamenak, banakako bileretan aztertzen ari da udala herriko eragileekin.

Ordiziako Udalak balorazio baikorra egin du prozesuak orain arte eman duenaz, bai partaidetza aldetik, eta baita eragileek zein herritarrek Ordizia hobetzeko egin duten proposamen kopuruarengatik eta erakutsi duten konpromisoarengatik ere. Prozesua, ordea, ez da urriaren 30eko osoko bilerarekin amaituko. Azaroan aurrekontuen lanketa orokorra egingo da, eragileekin hasitako banakako bilerei jarraipena emango zaie, eta abenduko osoko bilkuran onartuko dira 2015eko aurrekontuak.

PROZESUAREN KRONOLOGIA

Ekainak 19: 'Ordizia Zabalik' prozesuaren aurkezpena herriko eragileei.

Irailak 18: Lehen lan bilera. 295 ekarpen jaso (181 herrira begirakoak eta 114 elkarteei dagozkioenak)

Urriak 2: Bigarren lan bilera. Lehenetsitako proiektuen aurkezpena eragileei.

Urriak 6, 7, 8, 9 eta 13: Auzoz auzoko bilerak bost eremutan banatuta, hirugarren urtez. 150 ekarpen jaso.

Urriak 30, pleno aretoan (19:00): 2015eko aurrekontuan txertatuko diren proiektuen aurkezpena.

Urria-azaroa: Banakako bilerak talde eta elkarteetako ordezkariekin.