HERRIKO ERAGILEEKIN LANDU DEN ‘ORDIZIA ZABALIK’ PARTAIDETZA PROZESUAREN BALORAZIOA

2014-10-06 ordiziazabalikAtzo, urriak 6, 'Auzoz auzo' partaidetza prozesua abiatu zuen Ordizia Udalak

Ekainaren 19an aurkeztu, eta irailaren 18an eta urriaren 2an herriko eragileekin batera egin den 'Ordizia Zabalik' partaidetza prozesuaren balorazio baikorra egin du Ordiziako Udalak, bai parte hartze aldetik (batekoz beste 50 eragilek parte hartu dute bilerako) eta baita jasotako ekarpen kopuruarengatik ere (295 proposamen jaso dira). Joan den ostegunean amaitu zen prozesuaren osagarri, atzo, urriak 6, auzoz auzoko bilera errondari ekingo zion udalak. Auzoka banatuta 5 bilera egingo dira, eta urriaren 30eko osoko bilkuran jakinaraziko dira hartutako erabakiak. Bi prozesuok helburu bera dute, 2015eko udal aurrekontua ahalik eta parte hartzaileena izatea.

URRIAREN 2KO LAN BILERAREN ARGAZKI GALERIA

Igor Eguren alkatea, Izaro Intsausti Partaidetza eta Komunikazio zinegotzia eta Belen Maiza Kultura eta Gizarte Ongizate zinegotzia prentsaren aurrera azaldu ziren atzo prozesuaren lehen balorazioa plazaratzeko. Egurenen esanetan, irailaren 18an egindako lehen lan bileran askotariko 295 proposamen aurkeztu zituzten eragileek, 114 norberen taldeen beharretara egokituak eta gainontzekoak herrira begirakoak. "Udalak oinarrizko dokumentu bat partekatu du eragile horiekin guztiekin, eta 41 ekarpen lehenetsi ditu, prozesu honen helburua baita herriak dituen beharrei aurre egiteko eraginkorrak diren proposamenak lehenestea eta gauzatzea. Prozesuan landu ez diren proposamenak bananako bileretan landuko ditu udalak eragileekin".

Udal teknikariekin batera aztertu eta eztabaidatu du Ordiziako Udalak proposamen bakoitza. "Aurrekontura eramangarriak direnei etiketa ekonomikoa ere jartzen ari gara. Badira batzuk gogoeta edo azterketa sakonagoa behar dutenak, eta horretarako gaituta dauden batzordeetan aztertu beharko direnak. Eta beste batzuk dagoeneko abian daude. Lehenetsi diren guztiak herriari egiten dioten ekarpenari dagokionez zein ekonomikoki baloratuak izan dira", azaldu du Egurenek.

Udalak argi du proposamen horietan hurrengo urteetarako behar batzuk ere zehazten direla eta gauzagarriak direla. "Agian ez dira guztiak 2015ean egingarriak izango, baina dokumentu honen helburua ere bada datozen urteetarako abiapuntu bat jartzea, Udalaren ardura delako egingarritasuna aintzat hartuz hierarkia eta hautaketa egitea. Konpromisoa, halaber, denak egitekoa da".

'Auzoz auzo' prozesuaren hasiera
Eragileekin egin den prozesu horren osagarri, hirugarren urtez jarraian 'Auzoz auzo' partaidetza prozesua jarriko du abian gaur Ordiziako Udalak, herritarrekin batera auzoetan dauden beharrak antzeman eta egin beharreko hobekuntzak egin ahal izateko. Udaleko Partaidetza sailak bost bilera antolatu ditu eremuka banatuta, atzo, urriak 6, hasi eta urriaren 13a bitarte. Auzotarren ekarpenak jaso eta aztertu ondoren, urriaren 30ean egingo den osoko bileran jakinaraziko dira hartutako erabakiak.

Aurreko bi urteetako prozesuen "balorazio oso positiboa" da, eta aurten ere ildo berean lanean jarraitzeko konpromisoa du Ordiziako Udalak, Izaro Intsaustik adierazi duenez: "Herritarrei bileretan parte hartzeko deia egiten diegu, haien iritziak eta ekarpenak garrantzitsuak baitira Ordizia hobetzeko, eta 2015eko udal aurrekontua ahalik eta parte hartzaileena izateko".

Intsaustiren esanetan, asko eta anitzak izan dira herritarren eskariz aurreko bi urteetan gauzatu diren proiektuak eta egin diren berrikuntzak: Otegi-Enea ezinduetzako arrapala, Okorro parkearen egokitzapena, Zumalakarregi kaleko zuloaren konponketa, Plaza Nagusiko komun publikoen berrikuntza, Eskarabillako parke berria, zineko eskaileren berritzea, Domingo Unanue plazako filtrazioei konponbidea ematea... Horiez gain, herritarren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko lanak ere egin dira hainbat gunetan.

Bileren egutegia
'Auzoz auzo' bilera dinamikaren egutegia honakoa da:

-Urriak 6, astelehena: Altamira, Otegi-Enea, Majoria. Oianguren institutua. 19:00etan.
-Urriak 7, asteartea: Buztuntza. Urdaneta eskola. 19:00etan.
-Urriak 8, asteazkena: Eskarabilla, Urdaneta eta San Bartolome. Udaletxeko pleno aretoa. 19:00etan.
-Urriak 9, osteguna: San Joan, Filipinak, Arana, Arramendi. Udaletxeko pleno aretoa. 19:00etan.
-Urriak 13, astelehena: Erdigunea, Lukusain, Domingo Unanue, Gudarien Etorbidea. Udaletxeko pleno aretoa. 19:00etan.
-Urriak 30, osteguna: Osoko bilera. Udaletxeko pleno aretoa. 19:00etan.