‘AUZOZ AUZO’ PARTAIDETZA PROZESUA ABIATUKO DU ORDIZIAKO UDALAK URRIAREN 6AN

2014-10-02 eskarabillaBost bilera egingo ditu udalak herritarrekin auzoka banatuta, eta urriaren 30eko osoko bileran adostuko dira aurrera aterako diren proiektuak

Hirugarren urtez jarraian 'Auzoz auzo' partaidetza prozesua jarriko du abian Ordiziako Udalak, herritarrekin batera auzoetan dauden beharrak antzeman eta egin beharreko hobekuntzak egin ahal izateko. Udaleko Partaidetza sailak bost bilera antolatu ditu eremuka banatuta, urriaren 6an hasi eta urriaren 13a bitarte. Auzotarren ekarpenak jaso eta aztertu ondoren, urriaren 30ean egingo den osoko bileran jakinaraziko dira hartutako erabakiak. Astelehenean abiatuko den prozesu honek, herriko eragileekin batera lantzen ari den 'Ordizia Zabalik' prozesuaren –gaur da azken saioa- helburu bera du, 2015eko udal aurrekontua ahalik eta parte hartzaileena izatea.

Herriko kirol eragile, sozial, kultural, ekonomiko eta politikoekin batera udal aurrekontuen lanketa egin eta gero, auzoetako bilera errondari ekingo dio Ordiziako Udalak datorren astelehenean, hilak 6. 2012 eta 2013ko udazkenean egin ziren 'Auzoz auzo' dinamiken egitura bera izango du aurtengoak. Urriaren 6tik 13ra bitartean bost bilera egingo ditu udalak auzotarrekin, eta eskaera eta proposamen guztiak aztertu ondoren, urriaren 30eko osoko bileran hartutako erabakien berri emango da. Bilera guztiak 19:00etan hasiko dira.

Egindako proiektuak
Aurreko bi urteetako prozesuen "balorazio oso positiboa" da, eta aurten ere ildo berean lanean jarraitzeko konpromisoa du Ordiziako Udalak. "Herritarren bileretan parte hartzeko deia egiten diegu, haien iritziak eta ekarpenak garrantzitsuak baitira Ordizia hobetzeko, eta 2015eko udal aurrekontua ahalik eta parte hartzaileena izateko bidean".

Asko eta anitzak izan dira herritarren eskariz aurreko bi urteetan gauzatu diren proiektuak eta egin diren berrikuntzak: Otegi-Enea ezinduetzako arrapala, Okorro parkearen egokitzapena, Zumalakarregi kaleko zuloaren konponketa, Plaza Nagusiko komun publikoen berrikuntza, Eskarabillako parke berria, zineko eskaileren berritzea, Domingo Unanue plazako filtrazioei konponbidea ematea... Horiez gain, herritarren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko lanak ere egin dira hainbat gunetan.

Bileren egutegia
'Auzoz auzo' bilera dinamikaren egutegia honakoa da:

-Urriak 6, astelehena: Altamira, Otegi-Enea, Majoria. Oianguren institutua. 19:00etan.
-Urriak 7, asteartea: Buztuntza. Urdaneta eskola. 19:00etan.
-Urriak 8, asteazkena: Eskarabilla, Urdaneta eta San Bartolome. Udaletxeko pleno aretoa. 19:00etan.
-Urriak 9, osteguna: San Joan, Filipinak, Arana, Arramendi. Udaletxeko pleno aretoa. 19:00etan.
-Urriak 13, astelehena: Erdigunea, Lukusain, Domingo Unanue, Gudarien Etorbidea. Udaletxeko pleno aretoa. 19:00etan.
-Urriak 30, osteguna: Osoko bilera. Udaletxeko pleno aretoa. 19:00etan.