HERRIKO ERAGILEEKIN BATERA 2015EKO AURREKONTUAK OSATZEKO LANKETA ABIATU DU ORDIZIAKO UDALAK

2014-06-23 ordiziazabalik'Ordizia Zabalik' partaidetza prozesuaren aurkezpen ekitaldian 70 eragilek hartu dute parte

 Irailaren 18an eta urriaren 2an egingo dira proposamenak jaso, aztertu eta erabakiak hartzeko bilerak

Ordiziako Udalak 2015eko aurrekontuak lantzen hasteko "Ordizia Zabalik" partaidetza prozesua abiatu zuen ekainaren 19an, herriko 70 eragilerekin batera –gizarte, kultur, lan mundu eta politika eragileak, auzo elkarteak, kirol taldeak, ikastetxeak eta elkarte gastronomikoak– D'elikatuzen zentroan egin zuen ekitaldian. Udal gobernuko kideek eskerrak eman zizkieten eragileei gonbidapenari baiezkoa emateagatik, udalarentzat garrantzitsua baita elkarteak gertutik ezagutzea eta herriko egitasmoak konpartitzea, eta baita elkarlanean aritzea ere.

Igor Eguren alkateak, Izaro Intsausti Ogasun, Partaidetza eta Komunikazio zinegotziak, Belen Maiza Gizarte Ongizate eta Kultura Zinegotziak, eta Iban Asenjo Garapen Iraunkorreko eta Mugikortasuneko zinegotziak gidatu zuten saioa, D'elikatuzeko aretoa bete-bete eginda zegoela. Ekitaldiak ordubete inguru iraun zuen. Segidan mokadutxo bat eskaini zitzaien bertaratuei.

Igor Egurenen esanetan, 2012 eta 2013 urteetan auzoetan zein herrian beharrezkoak ikusten diren hobekuntzak egin ahal izateko 'Auzoz auzo' partaidetza prozesuak egin ziren. Udalak 100.000na euro bideratu zituen bi urte horietan beharrak antzeman eta berrikuntzak egiteko. "Prozesu hau ez dator "Auzoz auzo" dinamika ordezkatzera (2014an ere egingo da), baizik urrats berri bat da partaidetza aurrekontu berriak osatzeko bidean".

Lan materialaren banaketa
Ekitaldian izan ziren elkarte eta taldeetako ordezkariei honako lan materiala banatu zitzaien haien iritziak, beharrak, egitasmoak eta proposamenak egiteko:

1) 2013 eta 2014ko aurrekontu parte-hartzaileen memoria

2) Azken hiru urteetan gauzatu eta garatze bidean dauden proiektuen inguruko inkesta bat

3) Talde eta elkarteek dituzten beharrak eta herriarentzat interesgarriak izan daitezkeen proposamenak lantzeko taulak.

Bi ataletan banatuta dagoen hirugarren dokumentu hori izango da irailaren 18an eta urriaren 2an egingo diren bi lan bileren oinarria. Iraileko bilerarako, haien proposamenak eta beharrak eraman beharko dituzte eragileek, eta urriko bileran proposamenak aztertu eta lehen erabakiak hartuko dira.

Partaidetza prozesuen bilakaera
Izaro Intsausti zinegotziak 2011tik gaur arte Ordiziako Udalak egin dituen partaidetza prozesuen berri eman zuen. 2011. urtean "Hartu hitza, Piztu Ordizia" ate irekien saioa egin zen, eta bost orduan, udalaren funtzionamendua, sailak, egitekoak eta asmoak ezagutzeko aukera izan zen. 2012an, berriz, Oianguri buruzko partaidetza prozesua egin zen, eta hortik eratorri zen Aranzadi elkarteak Oiangurako egindako Kudeaketa Plana, eta gerorako hitzarmena.

2012 eta 2013 urteetan, berriz, 'Auzo auzo' partaidetza prozesuak egin direla ere gogorarazi zuen Intsaustik. "Bi urte horietan 100.000 euro jarri ditu udalak auzoetan eta herrian zehar zeuden beharrak asetu eta berrikuntzak egiteko. Prozesu hauen balorazioa oso positiboa da, eta 2014an ere egingo da". Eta 2013an Hondakinen kudeaketa sistemari buruzko prozesua egin zen. "1.200 herritar inguruk hartu zuten parte, eta Gipuzkoa mailan eredugarria izan zen Ordiziako prozesua".

Udala eta eragileak elkarlanean
Belen Maiza zinegotziak, bere aldetik, Udalak azken urteetan herriko eragileekin elkarlanean egindako egitasmoak azaldu zituen. Kultur arloan, Ordiziako Azokaren 500. urteurreneko ekitaldiak, Danborradaren 100. urteurrena, Oteizaren eskulturaren inguruko ekitaldia eta Victor Mendizabalen Beka aipatu zituen. "Beste proiektu garrantzitsu bat Hiri Hezitzailea da, non herriko 20 elkartek parte hartzen duten. Azaroan Bartzelonara goaz gure proiektua aurkeztera".

Kirol arloan, aipamen berezia egin zion Euskal Herriko 54. Itzulia Ordizian hasten zela eta martxoan zehar garatu zen 'Udaberrian Martxan' ekimenari. "Martxoan ere ekitaldi ugari izan ziren, eta alor askotako eragileek parte hartu zuten antolaketan". Aniztasun eta Migrazio sailari dagokionez, 'Ordizia Kolore' proiektuari egin zion erreferentzia, eta horren barruan dagoen 'Ongi Etorri Ordiziara' Ekimenari. "Azken honetan asko eta asko dira inplikazioa duten elkarte eta taldeak".

Udalaren proiektuen laburpena
Azkenik, Iban Asenjok udalak gauzatu dituen eta egin bide dituen proiektuei buruzko gogoeta plazaratu zuen. Gaur egungo egoera ekonomikoa dela eta, udal baliabideak optimizatzea izan da egiteko nagusietako bat. "Urteko aurrekontuaren zati handi bat udal biltegien alokairuan joan da azken urteetan. Mallutz Industrialdean erosi diren bi lokalekin (Goiekiri bat eta Alumalani bestea) udalaren beharrak asetuko dira".

Baina udal baliabideak gordetzeko biltegiak ez ezik, etorkizunean aintzindari izan daitezken proiektuak gauzatzeko apustua egin ere egin da. Norabide horretan, 2012an Herri Antzoki azpiko Cartonajes Nadalen lokalak erosi ziren. "Etorkizunean kultur etxe berria egiteko kokapen egokia delakoan. K6 enpresak urte berean egin zuen azterketatik ondorioztatu du Udalak behar hori, baina garatzeko maila eta inplikazio handia behar duenez, ezinbestekoa izango da herriko kultur eragileek zer dioten ezagutzea".

Iazko aurrekontuan aspaldiko beste eskaera bat gauzatu zen. Majori kiroldegiko eraikin berrian 8 musika lokal egin ziren, eragileen eskariz. "Udala gustura dago behar honi irteera eman izanaz, eta gustura halaber, musika taldeekin hartutako konpromisoez".

Horiez gain, argiterian egiten ari diren aldaketak, herria txukun edukitzeko egiten ari diren inbertsioak, auzoetako beharrak asetzeko obra txikiak eta mugikortasunaren eta iraunkortasunaren alde egindako lanak hizpide izan zituen Asenjok.