LARUNBATEAN, ASTRONOMIA GAUA OIANGUN

2014-06-03 astronomiaAranzadiko Astronomia saileko kideek gidatutako behaketa saioak hiru ordu iraungo du, 21:00etatik 00:00etara

Deialdia irekia da, eta interesa duen edonor inguratu daiteke saioan parte hartzera

Datorren larunbatean, hilak 7, Astronomia Gaua egingo da Oiangun 21:00etan hasi eta gauerdira arte. Behaketa saioa Aranzadiko Astronomia saileko kideek gidatuko dute, eta deialdia irekia denez, hala nahi duten guztiek izango dute saioan parte hartzeko aukera. Behaketarako materiala Aranzadik eramango du, eta etxean tresnaren bat duenak ere eraman dezake. Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia elkarteak Oianguren ezagutzarako eta kontserbaziorako egindako hitzarmenaren barruko ekimena da.

Udaberriaren bukaeran eguzkia gorde bezain laster zerua gradualki iluntzen hasten da eta krepuskuluan sartzen da. Iluntze prozesu honek bi ordu inguru irauten du. Larunbatean eguzkia 21:44an gordeko da, eta krepuskuluaren amaiera 23:51n izango da. Lehenengo minutuetan, 22.15 arte gutxi gora-behera, argitasuna handia izango da eta izarrak ez dira ikusiko oraindik, baina hortik aurrera, lehenengo magnitudeko izarrak eta lehenengo konstelazioak agertzen hasiko dira.

BEHAKETARAKO OHARRAK

Eguraldia eta arropa
-Gaueko hotzaz babesteko arropa egokia eramatea gomendatzen da
-Lainotuta badago, eta zerua begiratzeko zailtasunak badaude, saioak aurrera egingo du, eta astronomoek proiektore baten bidez emango dituzte azalpenak, saioa ahalik eta erakargarrien bihurtuz
-Larunbaterako eguraldi eguzkitsua dago iragarrita

Materiala
-Aranzadiko Astronomia sailekoek eramango dute behaketarako materiala, baina jendeak etxean dauzkan tresnak ere eraman ditzake (prismatikoak, linternak, teleskopioak...)
-Linternak eramanez gero, zelofan gorriarekin estalita eraman behar dira, argiak enbarazurik sor ez dezan.

ARANZADIREN TXOSTENA. BEHAKETA ASTRONOMIKOA