KONPOSTGUNEA EGIN DUTE AUZOLANEAN OIANGUN

2014-04-14 auzolana Neguan landatuko diren fruta-arbolak ongarritzeko erabiliko da sortzen den konposta

Joan den larunbatean, hilak 12, Oianguko konpost-gunea egiten auzolanean aritu ziren hainbat ordiziar. Konposta egiteko ardi-ximaurra, lastoa eta inguruan bildutako hosto eta belarrekin pila bat egin zuten, eta pila hori babesteko, hurritz adarrez osatutako hesia eraiki zuten, garai bateko itxiturak imitatuz. Neguan Oiangun landatuko diren fruta-arbolak ongarritzeko erabiliko da bertatik ateratzen den konposta. Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Oiangu biziberritzeko abiatu duten lankidetzaren bigarren ekintza izan da larunbatekoa.

Auzolanean parte hartu zuten herritarrak giro ederrean aritu ziren lanean, eta paisaiarekin ezin hobeto integratzen den artelan bat egin zuten. Bertatik ateratzen den konposta neguan Oiangun landatuko diren fruta-arbolak ongarritzeko erabiliko da, zuhaitzak ahalik eta osasuntsuen haz daitezen. AUZOLANAREN ARGAZKIAK.

Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak bost urterako lankidetza hitzarmena egin dute Oianguren kudeaketarako. Hitzarmen horren bitartez, eta 2013an egindako kudeaketa planean oinarrituz, Aranzadi izango da Oianguko paisaia eta natur ondarearen ikertzaile, kudeatzaile eta hezitzailea, beti ere, Ordiziako Udalarekin elkarlanean.

Lankidetza horretatik sortutako lehen ekintza otsailaren 23an egin zen. Ordukoan, Urdaneta eta Jakintzako ikasleek hegazti txikientzako 20 habia-kutxa jarri zituzten parkeko zuhaitzetan