GIZARTE EKINTZAILETZA SUSTATZEKO TAILERRA OSTEGUNEAN

2014-04-01 tailerra Jakintza Ikastolan izango da 16:00etatik 20:00etara, eta izen-ematea doan da

Datorren ostegunean, apirilak 3, tailer batekin abiatuko da Goierrin Ikaskidetza Sarea-Red de Coaprendizaje izeneko ekimena, Ordizian hain zuzen. Irudikatu eta Ekin. Gizarte ekintzailetza: ideiak ekintza bihurtu izeneko tailerra Jakintza Ikastolan izango da, 16:00etatik 20:00era, eta Gizarte Ekintzailetza suspertzeko gakoak landuko dira. Izen-ematea doan da, eta proiektuaren webgunearen bidez egin daiteke.

Ikaskidetza Sarea–Red de Coaprendizaje ikaskuntza ez-formaleko sare bat sortu eta garatzeko proiektu bat da. Herritarren artean ikaskuntza ez-formaleko ikaskuntza modu bat sustatu asmo du, eta tokiko ikaskuntzari ematen dio babesa (ez globalari), ikaskuntza mota horrek tokiko garapenean eragina izan dezan. EHU-UPVk gidatutako proiektu bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten du, eta Bikume SL-k antolatu eta dinamizatzen du.

Proiektu honek ikerketari ere bide egiten dio, herritarrek modu ez-formal batean eta sarean lan eginez ikas dezaketekela frogatzeko helburua ere bai baitu. Horretarako, ezaugarri eta profil ezberdinetako pertsonak harremanetan jarri beharko dira, eta prozesu parte-hartzaileak sustatu. Jakintza Ikastolak ekimen honekin bat egin du Gernikako Arbola Pasealekua 74. zenbakian duen egoitza utziz.

Gisa honetako erreferentezko esperientzia eta proiektu gutxi egin dira orain arte, eta beraz, izaera experimentala ere badu. Horrek, ordea, ez du esan nahi hutsetik abiatzen denik, aurrez egindako beste esperientzia batzuk baititu oinarri. Horiekin aliantzak eta konexioak lortzeko ahalegina ere egingo da.

Sarean ikasteko eredu berri hau ezagutu eta esperimentatu nahi duten herritar guztiek parte har dezakete tailer honetan. Izen-ematea doan da, eta proiektuaren webgunearen bidez egin daiteke:

http://www.ikaskidetza.org/es/ekintzak-jarduerak/ficha11/