AUZOZ AUZOKO EKIMENAREN AZKEN BATZARRA HILAREN 26AN

2013-11-21 Eskarabilla auzoz auzoDatorren urtean auzoetan egingo diren inbertsioak erabakiko dira batzarrean

Ordiziako Udaleko Partaidetza sailak herriko gune ezberdinetan urrian zehar egindako zazpi bileren ondoren, datorren asteartean, hilak 26, Auzoz auzo ekimenaren azken batzar orokorra egingo da udaletxeko batzar aretoan, 18:30ean. Udalak herritarren ekarpenak eta proposamenak jaso zituen auzoka banatutako bilera erronda hartan, eta herritarrengandik jasotako eskaera horiek teknikoekin aztertu ondoren, astearteko batzar irekian erabakiko dira Ordiziako Udalak 2014. urtean zer inbertsio egingo dituen auzoetan.

Ordiziako Udalak iaz ere antzeko prozesua sustatu zuen auzoetan, eta 100.000 euro bideratu zituen herriko eremu ezberdinetan proiektuak egiteko. Otegi-Enea auzoan ezinduentzako arrapala bat eta landare-hesi berria jartzea, Okorro parkea txukuntzea, Zumalakarregi kaleko zuloa estaltzea, Eskarabilla auzoan atsedenleku berri bat egitea eta Plaza Nagusiaren ondoko komun publikoak berritzea izan ziren iaz adostu eta aurten egin diren inbertsioak.

Auzoz auzoko ekimena. Bukaerako batzar orokorra
Eguna: Asteartea, azaroak 26
Ordua: 18:30
Lekua: Udaletxeko pleno aretoa