AUTOBUS ZERBITZUA HOBETZEKO PROZESUA

2013-10-21 GarraiolariaOrdizian bilera bana egingo dira datorren astelehen eta asteartean, biak 18:30ean

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun departamenduak Goierriko autobus zerbitzua hobetzeko partehartze prozesua abiatu du Herritarrekin martxan kanpainaren barruan. Ordiziako etxeetara joan den astean banatu ziren kanpainari buruzko informazioa ematen duten esku-orriak, eta herritarrei iritzia emateko eta ekarpenak egiteko inkesta bat ere banatu zitzaien orri berean.

Prozesuan parte hartu eta inkesta betetzen duten guztien artean Mugi/Lurraldebus txartela kargatzeko 20 euroko bonoak zozkatuko ditu Diputazioak. Ordizian bi buzoi jarri dira herritarren inkestak jasotzeko, bat Herritarren Arretarako Udal Bulegoan eta bestea Udaltzaingoan. Posta arrunta erabiliz ere bidal daitezke inkestak (Mugikortasun departamentua, Miramon pasealekua 166-20014 Donostia), eta Internet bidez ere bete daiteke galdetegia, www.garraioahobetzen.net webgunean.

Urriaren 28an eta 29an bilerak
Foru Aldundiak bi bilera egingo ditu Ordizian autobus zerbitzuari buruz herritarrek duten iritzia bertatik bertara ezagutzeko. Datorren astelehen (urriak 28) eta asteartean (urriak 29) izango dira bilerak udaletxeko batzar aretoan, biak 18:30ean.