NORMALTASUNA BERRESKURATZEKO BIDEAN DA ORDIZIA

Elurteak sortu duen arazo larriena udalerriko gune batean sufritutako argi-indar mozketa izan da

Normaltasuna berreskuratzeko bidean da Ordizia asteburuan elurteagatik bizitakoaren ondoren. Euria zegoen iragarrita, baina elur mailak behera egin zuen, arazoak sortuz. Intzidentzi larriak ere izan dira tartean.

Larriena, 32 ordu argi-indarrik gabe eduki dituena herritar asko hainbat auzoetan. Larunbatean 16:00etatik igandeko 00:20etara argirik gabe, berogailurik gabe, ur-berorik gabe egon dira Euskal Pilota (Otegienea), Gernikako Arbolaren pasealekua eta Majori eta Txindoki etxe-aldea bizilagunak. 32 ordu argirik, berogailurik eta ur-berorik gabe. Bi aparailu elektrogeno berri jarrita konpondu da momentuko arazoa eta aste gutxi barru espero dute erabat konponduta izatea. Beharrezkoa da, izan ere auzo hauetan urteak daramate argi-indar etenak sufrituz. Txikiak baina sarritan.

Erreklamazioak

Kalteak izan dituzten bizilagunei, dagokion erreklamazioa aurkezteko bideak dituztela gogorarazi jakin arazi nahi zaie, Iberdrolaren 9001717171 bezeroaren telefonora deituta edo Ordizian Suquia elektrogailuak dendan duen bulegora joanda. Fakturetan agertzen den kontratuaren erreferentzia eta kalteen zerrenda zehaztu behar dira. Gainera, etxebizitzako aseguruek eguraldiak sortutako kalteei aurre egiteko aukera izaten dute. Beraz, norberak duen aseguruarekin ere harremanetan jartzea da aholkua.

Bestalde, mantenu zerbitzuak orokorrean eta, bereziki, Babes Zibileko boluntario taldea zoriondu behar dira. Ezusteari aurre eginez, larunbatean bertan jarri ziren lanean denak elur pilaketak kaletan eta toki kritikoetan eragindako arazoak bideratzeko. Larunbatean arratsaldean, gau osoan eta igandean aritu dira denak lanean. Herria ikuskatu, elurra kendu, ibilgailuak mugitzen lagundu eta toki esanguratsuak bisitatuz, San Jose egoitza adibide.

Astelehen honetan lorezaintzako langileak ari dira lanean,  elurraren pisuagatik eroritako adarrak eta zuhaitzak mozten eta kentzen. Toki desberdinetan gertatu da, baina gehienak Altamira eta suhiltzaileen parkea lotzen duen bidean. Lana asteartean zehar amaitzea espero da.