ORDIZIA, KALERATZERIK GABEKO HERRIA

Desjabetzeak Stop Desahuciosen proposamena onartu da

Udal  Korporazioak        kaleratzeen,  pobreziaren eta desberdintasun sozialen kontrako dekalogoa  onartu du., Stop Desahuciosen  proposamena  berea eginez.. Honekin, Udalak  "Kaleratzerik Gabeko Herri" izendatu du Ordizia.

Hala, aurrerantzean Udalak beharrezko diren baliabide eta neurri guztiak erabiliko ditu lehen etxebizitzako kaleratze eta irtenarazteak geldiarazteko eta, behar izanez gero, bizileku bat izateko aukera bermatzeko.

Era berean, etxegabetzeak saihesteko jarduera guztiak koordinatuko dituen pertsona edo organismo bat izendatuko du, betiere Kaleratzeak Stop Desahuciosekin eta etxebizitza duin baten eskubidearen alde lan egiten duten gainontzeko elkarteekin lankidetzan jardunez.

Udalerrian jarduten duten finantza erakundeengana ere joko du fede oneko zordunen kaleratzeak geldiaraz ditzatela eskatzeko, jabetzan dituzten etxebizitza hutsen errolda galdatzeko etahutsik dauden etxebizitza hauek alokairu sozialeko programa publikoen zerbitzura jar ditzaten exijitzeko. Erantzunik jaso ezean, abian jarri beharreko neurriak aztertuko ditu, besteak beste, finantza erakundearekin lan egiteaz uztea.

Udalak, kaleratze edo irtenarazte baten abisuaren aurrean, finantza edo administrazio erakundearekin bitartekotza egingo du etxegabetzea geldiarazteko eta, behar izanez gero, irtenaraztean udaltzaingoak komisio judizialari laguntza eman diezaion ekidingo du, kaltetutako pertsonak bizi duen egoeraren larritasuna aztertuz eta konponbide justu eta egoki bat bilatuz. Etxegabetzea saihestu ezin izan denean, udalak beharrezko neurriak hartuko ditu kaltetutako pertsonei arrazoizko prezioan alokairu sozialeko erregimenean berriz ostatu emateko.

Kaleratzea edo irtenaraztea ekar dezaketen kasu guztien berri eman diezaioten galdegingo die epaitegi eskudunei, bazterketa arriskuen dauden kolektibo sozialak identifikatu, zerbitzu sozialek euren txostena eman eta kolektibo horiei bizileku bat eskaini ahal izateko

Alokabidek kudeatzen duen Etxebizitza Publikoen Parkeari dagokionean, Eusko Jaurlaritzari  beharrezkoak diren erabaki eta modifikazio legalak burutu ditzan exijitzen dio, Eusko Legebiltzarrak  pasa den 2014ko apirilaren zazpian etxebizitza publikoen inkilinoei buruz hartutako akordioa betearazteko.

Azkenik, Udalak jabetasun publiko zein pribatuko etxebizitza hutsen inbentario bat egingo du lehenbailehen. Bere jabetzakoak hiritarren bizileku premien zerbitzura jar daitezen beharrezko direnneurriak hartuko ditu, bereziki fede oneko diren zordunen etxegabetzea saihestu ezin izan den kasuetarako. Era berean, hiriaren etxebizitza beharrak aztertuko ditu sei hilabeteko epean eta, hauen artean, pilaketak, erabiliak izan ezin diren etxebizitzak edo berritzeak behar dituztenak ere kontuan hartuko ditu.