Ordiziak Zero Hondakin hozkailua estreinatu du

Jakintza Ikastolako jangelako elikagai soberakinak ordiziarren eskura jarriko dira, Majori Kiroldegian kokatu den doako vending makina baten bidez. Ikastetxeak elikagaien xahuketaren aurka borrokatu nahi du, soberakinak aprobetxatu nahi dituenaren esku jarrita, eta beste urrats bat emanez hondakin organikoaren prebentzioan eta 'Zero Zabor' helburuan.
Jakintza Ikastolako ikasleak eta sukaldeko langileak dira proiektuaren protagonista eztabaidaezinak, prozesu osoan duten inplikazioa dela eta; izan ere, elikagaiak berreskuratzeaz gain, herritarrak janariaren aprobetxamenduaren garrantziaz kontzientziatzeko balio du.
Sukaldeko langileak arduratuko dira soberan dauden elikagaiak ontziz aldatzeaz eta termozigilatzeaz. Ikasleek egunero etiketatu eta garraiatuko dituzte anoak, prozesuan funtsezko zeregina betez eta proiektuan aktiboki parte hartuz, eta proiektua ikastetxeko hezkuntza-planean txertatuz.
Elikagaien xahuketa ez da arazo etikoa soilik, ekonomia- eta ingurumen-arazoa ere bada. Munduan ekoitzitako elikagai guztien herenak zaborretan amaitzen du (1.600 milioi tona). Horregatik, Rexcatering ingurumen-, hezkuntza- eta gizarte-proiektua da, eta erabat bat dator GJHekin (12.3) eta Europar Batasunak bultzatutako politika berriekin. Eta baita Ordiziako Udalaren helburu estrategikoekin ere, Maitane Alvarez alkate-ordeak azaldu duenez. "Aspalditik ezagutzen genuen proiektua eta beti izan dugu herrian horrelako zerbait sustatzeko asmoa, eta Jakintzakoak proiektu honekin etorri zitzaizkigunean, baiezkoa eman genion". Proiektuak duen "ingurumen ikuspegia" azpimarratu du Alvarezek, "jaki hauek zakarretara joan beharrean berrerabiltzea" eragingo duelako. Gainera, momentuz Jakintzakoek heldu badiote ere, "proiektua gainontzeko ikastetxeei ere irekita" dagoela gogorarazi du.
Berrikuntza teknologikoan osagai sendoa du, eta dagoeneko beste udalerri batzuetan ezarrita dago, hala nola Azpeitian, Etxebarrin, Plentzian, Durangon, Lemoan, Portugaleten, Orion, Bilbon, Donostian, Bermeon, Urdulizen, Eibarren, Zallan edo Bellver de Cerdanyan (Katalunia).