Oianguko segabelardiak, biodibertsitatearen alde
Segabelardiak balio handiko habitatak dira naturaren kontserbazioaren ikuspegitik. Baina baserriko bizitza eta landa-lanen uztearekin batera gutxitzen ari dira, eta haiekin batera, gordetzen duten biodibertsitate oparoa ere bai. Landare espezieetan aberatsak izateaz gain, bertako fauna espezie ugari sostengatzen dute: intsektuak, hegaztiak, narrastiak, ugaztun txikiak, etab. Intsektu polinizatzaileekiko elkarrekintzak bereziki paper garrantzitsua jokatzen du, biek egiten batiote onura elkarri.
Oiangu Parkean, aisialdia, naturaren kontserbazioa eta sentsibilizazioa uztartzen saiatzen ari da Udala duela hainbat urte. Helburu horrekin, segabelardi bat sortuko da Oiangu Parkean. Ez da lehen aldia baserri pareko zelaiaren zati bat itxi eta segaz mozten dena. Azkenekoz, belar horrekin Oianguko meta egin zen Almitza Sega Elkartearekin elkarlanean. Baina oraingoan lur-zati hori itxita mantenduko da eta segabelardi bezala kudeatuko da. Horretarako elkarlanean ari dira Aranzadi Zientzia Elkartea, Ordiziako Udala eta Almitza Sega Elkartea. Azken bi hauen artean hitzarmena sinatuko da eta horri esker Almitza Sega Elkarteak belardiko lanak aurrera eramango ditu Aranzadik emandako gomendioekin. Izan ere, kudeaketa-motak (mozketa aldiak, ongarriketak, etab.) biodibertsitatea lagundu edo kaltetu dezake. Almitza Sega Elkarteak, entrenamenturako edo beste ekitaldi batzuetarako erabili ahal izango du eremua.
Laster nabarituko dugu kudeaketa honen eragina, koloreetako loreez beteko baitzaigu ingurua!