Klimaren aldeko hamabostaldia

Ordiziako Udalak antolatuta, maiatzaren 2tik 14ra, energia-gaietan eta klima-aldaketaren inguruan sentsibilizatzeko ekintzak daude herrian

Iaz Ordiziako Udalak energia eta klima-aldaketari buruzko ekintza-plana idazteko lanei ekin zien eta dagoeneko amaitu du abiapuntuko egoera zein den deskribatzen duen diagnostikoaren idazketarekin. Hemendik aurrera, ekintza-plana diseinatzeari ekingo dio baina aurretik, energiaren trantsizioan eta klimaren babesean herritarrak informatzeko eta sentsibilizatzeko asmoa du eta ondorengo sektoreei zuzendutako jarduera ezberdinak antolatu ditu. “Guretzako ezinbestekoa da urtez urte klimaren hamabostaldia antolatzen jarraitzea. Azken finean, klima eta energia landu beharreko gaiak ditugu gizartean datozen erronkei aurre egiteko prest egoteko. Horregatik, gaztetatik sakondu beharreko eremua da hau eta Udalak konpromezu sendoa du gaiarekiko”, zehaztu du Maitane Alvarez, Ordiziako Udaleko alkateordeak.

IKASTETXEAK:

  • Maiatzaren 5ean, Jakintza Ikastolako Lehen-hezkuntzako 5. Mailako ikasleek eta Urdaneta ikastetxeko 6. Mailako ikasleek Garapen Jasangarriko Helburuak, batez ere, energiari eta klima-aldaketari dagozkionak, lantzeko okaren jolas berezian jolastuko dute.
  • Maiatzaren 8ko astean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei klima-aldaketaren erronkekin zerikusia duen ihes-gela birtualean aritzeko aukera eskainiko zaie.

HERRITAR ORO:

  • “Klima-aldaketari aurre!” izeneko erakusketa ikusgai egongo da maiatzaren 2tik 12ra Barrena jauregian (Barrena plaza, 1), astelehenetik ostiralera, honako ordutegian: maiatzaren 2an, 10:30-20:00, eta maiatzaren 3tik aurrera (maiatzaren 3a barne) 8:00-20:00. Bertan, klima-aldaketa zer den, berau eragiten duten arrazoiak, klima-aldaketari lotutako inpaktu nagusiak, konponbide posibleak, eta Ordiziako udalerriaren egoera islatzen duen informazioa ezagutzeko aukera izango dute herritarrek.

Klima-aldaketaren eta energia jasangarriaren ekintza-planaren lanketari dagokionez, maiatzean eta ekainean zehar helburuak eta ekintzak prestatzeari ekingo dio Udalak. Aurretik, hala ere, herritarren sektore ezberdinen ikuspuntua jaso ahal izan du antolatutako partaidetza-saio ezberdinei esker. Hauek dira elkarrizketa horietan parte hartu duten herriko sektoreak:

  • Jasangarritasun batzordean parte hartzen duten herritarrak
  • Enpresak
  • Ikastetxeak
  • Jubilatuak
  • Emakumeak