Ingurumenean oinarri, Oiangu Natur Eskola

Udaberri honetan, zazpigarren urtez martxan jarriko da Oiangu Natur Eskola. Apirila eta maiatzean zehar Ordiziako ikastetxeetako 460 haurrek parte hartuko dute bertan. Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Sailak sortu zuen proiektu hau 2017an, eta, ordutik gaur arte Ordiziako Udalak finantzatzen du. Horri esker, urtez urte, ikasleek Ordiziako naturari buruz ikasteko aukera paregabea dute Oiangu bezalako parke aberats eta zabalean.

“Gune paregabea da Oiangu naturaz gozatzeko eta naturan ikasteko. Proiektu aberasgarri hau ere aurten martxan izango dugu, badakigulako onuragarria dela naturarekin kontaktuan egotea”, nabarmendu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Egiten diren ekintzak Oiangu Parkera eta bertako biodibertsitatera egokituta daude eta baso-eskoletako metodologia jarraitzen dute. Egun hasieratik bukaerara arte asko zaintzen da komunikazioa, bai arauak transmititzeko garaian zein haurren motibazioa eta autoestima sustatzeko garaian. Haur, irakasle eta hezitzaileok, oinez igotzen gara Oiangura. Oinezko bidea aukera paregabea da egunean zehar landuko diren gaiak aipatzen hasi eta ikasleak motibatzen hasteko. Landareak, animaliak edo naturako formak aztertzen ditugula; naturarekin hartu-eman zuzena egotea bilatzen da beti. Jolas librerako denborak ere garrantzi handia du eta bestelako jostailurik eskaini gabe estimuluak naturan bertan topatzea sustatzen da. Eskola honetako ekintza guztiak talde lanean egiteko pentsatuta daude, aniztasuna zainduz eta ikasleen arteko laguntasuna eta kooperazioa indartuz.

Egiteko modu honen helburu nagusia haurrak naturan esperientzia positiboa izatea da. Eta bide batez, bizipen hau, konpetentzia eta kontzeptu kurrikularrak ikasteko baliatzen da. Izan ere, esperientzia positiboek ikasketa prozesuan laguntzen dutela badakigu. Metodologia honek, bertako inguru naturala ezagutzen, kokatzen, ingurua maitatzen eta ondorioz, errespetatzen lagunduko gaitu.