Tapoi birziklatuz egindako bi aulki berri

Hondakinen Prebentzio astearen baitan tapoi bilketan jaso diren tapoiekin egindako aulki gehiago sortu dira Ekomodo enpresarekin elkarlanean, eta bi, kolore morekoak, Jabekuntza Eskolako plaza ondoan kokatu dira.

"Aspaldi hasi genuen lankidetza Ekomodo enpresakoekin, ekonomia zirkularraren printzipioak oinarri izanik. Aurretik Zuhaiztin jarri genuen tapoi birziklatuz egindako lehen aulkia, kolore urdinekoa", zehaztu du Maitane Alvarez alkateordeak. "Adierazi genuen elkarlanarekin jarraitu nahi genuela eta hilabete hauetan hala aritu gara eta etorkizunean ere bide bera jarraitzeko asmoa dugu. Hondakinak ahalik eta gutxien sortzeko apustua egin behar dugu, baina sortzen diren horiei beste erabilera batzuk ematearen aldekoa ere bai". 

3.500 tapoi erabili dira aulki bakoitza sortzeko eta gogoratu oraindik ere tapoiak Barrenan, ikastetxeetan, Majori-Altamira kiroldegian eta Zuhaiztin jasotzen direla.

Horrez gain, koadernoak ere sortu dira, guztira, 20. Koaderno bakoitzak 15 tapoi ditu, eta beraz, 300 tapoi erabili dira koaderno hauek egiteko. Eta 20 koaderno horiek zozketatu egingo dira. Horretarako bidali 688 752 647 telefonora Jabekuntza Eskolako plazan dagoen aulki morearekin argazki bat.