3,6 tona zabor gutxiago Ordiziako erreka eta ibaietan

Ordiziako Udalak orain dela 5 urte hasitako lanarekin aurrera jarraitu du eta aurten ere, Oria ibaia, Amundarain eta Mariarats erreken garbiketarekin. Guztira, 3,6 tona zabor jaso dira, iaz baino %20 gehiago.

“Datuek argi erakutsi dute urtez urte erreka garbiketak antolatzen jarraitu behar dugula. Aurtengo kasuan, iaz baino 600 kilo zabor gehiago atera dira garbiketetan, oso datu esanguratsua”, azaldu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak, gehituz, ez direla esperotakoak: “datu hobeak espero genituen. Azken urteetako joera izan da geroz eta zabor gutxiago jasotzea erreka eta ibaietatik, eta aurten ere hala espero genuen. Tamalez, ikusi dugu ezetz eta beraz, erreka eta ibai garbiketak behar beharrezkoak direla”.

2021ean, 2 astetan zehar, Oria ibaian eta Amundarain eta Mariaratseko erreketan 3.000 kilo zaborra jaso zen. 2018an 8.000 kilo atera zen, 2019an 5.500 kilo eta 2020an 4.500 kilo bildu zen. Aurtengo urtean, baina, berriz ere datuek gora egin eta 3.600 kilo zabor jaso dira. Ondoren, zaborra hau garbigunera eman eta dagokion edukiontzietan sailkatu da.

“Aurten ere irudi deigarriak utzi dizkigu zabor bilketak, besteak beste, oheko koltxoiak, erosketa orgak, seinale, kubo, hesi eta bizikletaren bat ere bai”, agertu du, gogoraraziz erreka eta ibaiak ez direla zaborra botatzeko lekuak. Garbiketa hau Txukun Lorazaintza S.L. enpresak egin du eta lan hauek bi astez luzatu dira.

Urtero ibai garbiketak egitea Ordiziako Agenda 2030eko ekintza planeko 21.9 ekintza da eta gainera, proiektuaren helburua bat dator bete-betean Euskadiko Biodibertsitate estrategiarekin (1. Xedea), Garapen Jasangarriaren Euskal ingurumen-Estrategiarekin (3. Helmuga) eta Ingurumen Esparru Programarekin (1.2. eta 3.2. jarduketa lerroak).