Amundarain, Mariarats eta Oria, garbiago

Ordiziako Udalak orain dela 5 urte hasitako lanarekin aurrera jarraituko du eta aurten ere, Ordiziako zatiko Oria ibaia, Amundarain eta Mariarats erreken garbiketa egingo du.

“Iaz, lehenengo aldiz, Mariarats erreka ere garbitu genuen. Ordiziatik igarotzen diren ibai eta erreka garbiketak urtero egitea beharrezkoa da, izan ere, bertan zabor ugari pilatzen da, datuek erakusten duten moduan. Ingurunea txukun eta garbi izateaz gain, bertan bizi diren animalientzako ere beharrezkoa da eremua garbia izatea. Beraz, Udalak konpromezua hartzen du urtero-urtero halako ekimenak egiten jarraitzeko”, azaldu du Maitane Alvarez alkateordeak.

Bide horretan, iazko urtean, sare metalikoak ere jarri ziren herriko hainbat gunetan zaborra erreka eta ibaietara eror ez zedin: “lurrera botatzen diren poltsa eta zaborrak askotan errekan bukatzen dute eta prebentzio neurriak beharrezkoak dira”.

2021ean, 2 astetan zehar, Oria ibaian eta Amundarain eta Mariaratseko erreketan 3.000 kilo zaborra jaso zen. 2018an 8.000 kilo atera zen, 2019an 5.500 kilo eta 2020an 4.500 kilo bildu zen. Ondoren, zaborra hau garbigunera eman eta dagokion edukiontzietan sailkatuta utzi zen. Azken lau urteetan Ordiziako Udalak egindako garbiketaren ondorioz, Kantauri itsasora ia 22 tona zaborra gutxiago iritsi da eta behar den bezala sailkatuta bereiztu da.

Atera ziren hondakinak oso adierazgarriak izan ziren, hala nola, erosketarako orgak, seinaleak, kuboak, hesiak eta plastikoak.

Garbiketa hau Txukun Lorazaintza S.L. enpresak egingo du. Garbiketarekin astelehenean hasi dira eta bi astez luzatuko da. Gaur Oria ibaiaren zatia garbitzen ari dira, ibai ertzean kateaturik dauden zaborrak bilduz, bertatik ateraz eta kamioian zabortegira eramanez, gero bertan sailkatzeko eta pisatzeko. Lanak eskuz egingo dira, ez da makinarik sartuko.

Urtero ibai garbiketak egitea Ordiziako Agenda 2030eko ekintza planeko 21.9 ekintza da eta gainera, proiektuaren helburua bat dator bete-betean Euskadiko Biodibertsitate estrategiarekin (1. Xedea), Garapen Jasangarriaren Euskal ingurumen-Estrategiarekin (3. Helmuga) eta Ingurumen Esparru Programarekin (1.2. eta 3.2. jarduketa lerroak).