Oianguren historia argazki bidez

Ordiziako Oiangu parkea herritar zein ingurukoentzako altxor bat da. Urteen poderioz aldaketak izan ditu, eta iragana berreskuratzeko bidean, argazki zaharren bilketa osatu da, Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Ordiziako Udalaren arteko elkarlanean.

“Asmoa Oiangu parkearen iragana eta geroa herritarrei erakustea da; horren bidez, bertako paisaian egin diren jarduerak ikusi eta ulertu ditzakegu, eta uste dugu jaso ditugun argazkiekin hori lortzen dugula. Argazkiak bilduta, erakusketa bat jarriko dugu Oianguren eboluzioa ulertzeko, eta batez ere hura zaintzeko konpromisoa berresteko”, azaldu du Maitane Alvarez, alkateordeak.

Jaso diren argazkien artean Yoana Garcia, Oihana Benito, Landarlan elkartea, Maddi Martinez, Jose Miguel Pecharroman eta Edurne Huesarenak daude. Datorren urterako erakusketa bat antolatuko da argazkiekin.