Ordiziak ez ditu ospatuko Euskal Jaiak

Irailaren 9an ziren ospatzekoak aurtengo Euskal Jaiak Ordizian. Oraindik ere COVID-19ak eragindako egoera dela eta, Udalak ezin du ziurtatu berme guztiekin egitekoak izango direnik, eta horregatik, bertan behera utziko ditu. Santa Ana jaiekin gertatu moduan, ez da festarik ez inolako ekintzarik antolatuko, tartean urteko azokarik bereziena, postu berezi, eta ganadu, hegazti, eta barazki lehiaketekin.

Idiazabal Gaztaren txapelketa ezaguna eta irabazten duen gazta erdiaren enkantea ere egiten ohi dira asteazken horretan. Frontoian egiten den ekitaldia izanik, azkenean, irailaren 9, asteazkena egin beharrean, irailaren 11an, ostirala, burutuko da lehiaketa entzutetsua, eta segurtasun neurriak betetzeko ateak itxita burutuko da. Edonola ere, irailaren hasieran prentsaurrekoa egingo da gazta txapelketaren nondik norakoak azaltzeko.