Ospatu ez diren festen inguruko oharra

Ekainaren 24an Santa Ana jaiak bertan behera gelditu zirela jakinarazi zen eta ordutik tinko mantendu du Ordiziako Udalak bere erabakia: aurten ez da festarik egon. Festen hasiera izango zen egun bezperan, uztailaren 23an, Ordiziako Udala osatzen duten alderdi guztiek deialdi bateratua egin zuten, gogoratuz ez zela inongo festa ez ekintzarik egongo, eta arduraz jokatzeko deia egin zen.

Hainbat erabaki berezi hartu ditu egun hauetarako Udalak, bai ordutegi aldetik eta baita aforoaren kontrolerako; neurri sendo bat izan da aforoa gainditzen zen uneetan guztia ixteko agindua.

Udal ordezkariak Ordiziako ostalaritza sektorearekin bildu ondoren, elkarrekin hartutako erabakia izan da goizeko 01:00ean jartzea ordutegi muga, eta kalean kontsumitzeko aukera, berriz, 23:00ak artekoa izatea, terrazetan ez bada.

Joan den ostegunean atera zen Ordizia neurri berezietatik. Horrek esan nahi duena zera da: neurri murriztatzaileak hartu ez balira, goizeko 4:30ak arte zabalik egongo zirela ostalaritza establezimenduak. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, laster sartuko da indarrean sektore horri dagokion ordutegi muga eta 1:30ak arte ireki ahalko dute, eta kaleko kontsumoa 00:00etarako amaitu beharko da. Udalak, beraz, neurri zorrotzagoak hartu ditu egun hauei begira.

Bijilantziaren aldetik Udaltzaingo zerbitzua indartu egin da; egun hauetan luzatu egin dute haien lanaldia establezimenduen itxiera arte lana egiteko. Horrela, zaintza lanak egin dituzte, bai musukoaren erabilera, aforoa eta segurtasun distantziak betetzeko.

Orokorrean, ordiziarren erantzuna txalogarria izan da, bat egin dute Ordiziako Udalak hartutako erabakiarekin eta ez dituzte festak ospatu. Nolanahi ere, Udalak, azken orduetan bolo-bolo dabilen argazkia ezin du alde batera utzi. Argi utzi nahi da irudi horrek une konkretu eta zehatz bati egiten diola erreferentzia, eta, hain zuzen, une horretan bertan kalea ixteko agindua eman zela. Hala egin da kaleek duen edukiera gainditu duten bakoitzean. Hori ere izan da egun hauei begira hartu den beste neurri berezietako bat.

Koronabirusak gogor jo du Ordizia eta orain aste gutxi birusaren agerpena jasan genuen. Ezin dugu ahaztu bizi izan dugun egoera, eta horregatik Udaletik, orain arte egin moduan, herritarrei arduraz jokatzeko deia egiten zaie, jende pilaketak ekidinez, musukoa uneoro jantziz eta segurtasun eta osasun neurriak errespetatuz.