Santa Ana: "arduraz joka dezagun"

Ordiziako Udalak orain ia hilabete eman zuen jakitera aurtengo Santa Ana jaiak bertan behera gelditzen zirela. “Zuhurtziaz” jokatzeko unea zela gogorarazi zuen Adur Ezenarro alkateak, nabarmenduz festak bertan behera utzi izanak zer esan nahi zuen: ez dela inolako ospakizunik izango.

Ordizia gogor jo du koronabirusak. “San Jose Egoitzan, 34 pertsona hil zaizkigu, guztiak ez koronabirusagatik, baina egoera honek ekarri duen bakardade eta isolamenduak eragin handia izan du”, azaldu du alkateak.

Aurten festarik ez da egongo, baina joan direnak gogoan izan nahi ditu Udalak. “Iaz, lehen txupinazoa egoitzatik bota genuen, eta aurten tamalez, iaz gurekin jaien hasiera ospatu zutenetako asko ez daude gurekin. Beraiei zor diegu arduraz jokatzea, eta beraiengatik Udaletxeko balkoia doluz jantziko dugu jaietan”. Horregatik, bihar, uztailak 24, festen hasierako txupinazoa jaurtitzeko unea izango zenean, lona beltz handi bat jarriko da Udaletxeko balkoian. 12:00etan Pello Ramirezek San Jose Egoitzan galdu ditugunen oroimenari eskainitako Agur Biluzia pieza jarriko da bozgorailuetatik, eta tarte horretan ordiziarrak isilunea mantentzera deitzen da. Ekintza sinboliko bat izango da, inolaz ere ez festarako tartea.

“Egun hauetan dei egin nahi diegu ordiziarrei arduraz joka dezaten. Ez da danborradarik ospatuko, ez da txirrindu probarik egongo, ez da mozorrotutako Matutinarik irtengo... Arduraz joka dezagun, gazteenok, baina baita helduek, gurasoek, guztiok”.

Ordutegi-mugak

Tabernen ordutegi muga tabernariekin adostu da, hainbat bilera egin ostean. Hala, goizeko 1:00etan itxiko dira tabernak uztailak 24 ostirala, 25 larunbata, 26 igandea, eta 27 astelehena. Edariak kalean edateko aukera egongo da, baina beti ere, gaueko 23:00ak arte, tabernaren inguruan, eta bertako kontsumizioak badira, gehienez ere 10 pertsonako taldeetan, musukoak jarrita eta 1,5 metroko distantziak mantenduta.

Ostalaritza establezimenduetako edariak ez badira, alkohola kalean kontsumitzea debekatuta dago. 

Une jakin batean, berdin dio zein ordutan, baldintza horiek betetzen ez direla ikusiko balitz eta ondorioz segurtasun baldintzak bermatzea ezinezkoa balitz, dena ixteko agindua emango da berehala.

Oiangu parkea itxita egongo da txiringitoa ixten den ordutik, gaueko 00:00etatik hurrengo goizeko 8:00etara. Ordu tarte horietan ezingo da parkean inor geratu. Ordutegi horretatik kanpo, parkea zabalik egongo da, bertako mahaiak erabili ahal izango dira, beti ere gehienez 10 pertsonako taldeetan, eta musukoak derrigorrezkoak izango dira. Ez da baimenduko Oiangura musika aparailuak, generadoreak edo haimak igotzea.