Neurri bereziekin jarraituko du Ordiziako Udalak

Ordizia. PCE probak

Azken astean COVID-19 birusaren agerraldia dela eta Ordiziako Udalak herritarren segurtasuna bermatzeko asmoarekin eta birusaren hedapena ekiditeko asmoz hainbat neurri hartu ditu. Besteak beste, eraikin publiko guztiak itxita daude, hala nola, Majori Kiroldegia, haur parkeak eta liburutegia.

Atzo 13.00etan jarraipen mahaian parte hartu zuten Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak, eta Maitane Alvarez alkateordeak. Bertan, Ibarra, Alegi, Tolosa eta Leaburu-Txarama herrietako ordezkariak ere izan dira, Osasun eta Segurtasun Sailetako eta Osakidetzako ordezkariekin batera.

Ordizian karpa berezi bat ezarri zen joan den astelehenean herritarrei PCR probak egiteko, eta aste honetan ere jardun berean segiko dute. Gaurtik aurrera 10 eguneko berrogeialdian dauden PCR negatiboei bigarren proba egiten hasiko zaie, eta, beraz, datu garrantzitsuak aterako dira bertatik. Bestalde, Ordiziarako bereziki jarritako aginduak beste astebete jarraituko du, hau da, ostalaritzari dagokion murrizketa eta maskararen erabilera derrigorrezkoa izatea.

Segurtasun Sailak Ordiziako ordezkariei “normaltasuna berreskuratzeko gomendioa” eman die, betiere segurtasun neurriak jarraituz. Ordiziako Udalak lehen unetik erakutsi moduan, era arduratsuan hartuko ditu erabakiak, herritarren zaintza eta osasuna izanik lehentasuna. Hala, asteazkenean azoka egingo da, nahiz eta neurri bereziak ezarriko diren. Arropa saltzaileak, esaterako, ez dira egongo, eta antolaketa ere bestelakoa izango da. Plaza barruan, Barrena parean, Arboleda-Zuhaiztian eta frontoi txikian jarriko dira azokako postuak, guztiak eremu itxiak. Sarrera kontrola izango da eta aforoa ere kontrolatu egingo da uneoro. Postu bakoitzaren aurrean zintekin lurra markatuko da, distantziak eta espazioak banatzeko.

Majori Kiroldegiari dagokionez, PCR proba egingo zaie langile guztiei, eta emaitzak negatiboak direla konfirmatu arte ez da zabalduko. Asteazken goizerako emaitza guztiak esku artean izatea espero da.