Igandeko hauteskundeetarako neurri bereziak ezarri ditu Udalak

IMG 0865

Gaur goizean Ordiziako Udala igandean ospatuko diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako hauteslekuen muntaketa lanak prestatzen hasi da, neurri bereziak ezarriz. Guztira, 6.996 ordiziar daude deituta igandean bozka ematera. Goizeko 9:00etatik 20:00etara bozkatu ahalko da; hala ere, goizeko 8:00etan hasiko dira hautes mahaiak eratzen.

COVID-19ak eraginda, hainbat aldaketa eta neurri hartu ditu Udalak hauteskunde egunari begira. Honakoa izango da hauteslekuen banaketa:

- Beti Alai pilotalekuan hiru mahai.

- Jakintza Ikastolan hiru mahai.

- Urdaneta Ikastetxeko frontoian bi mahai.

- Oianguren Institutuan bi mahai.

Herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz, Ordiziako Udalak protokolo zorrotza prestatu du egun horretarako. Eusko Jaurlaritzak sortutako protokoloari Ordiziako Udalak bereziki neurri zorrotzak gehitu dizkio:

- Ahal diren hauteslekuak aire librean jarriko dira, aukera hori ematen duten espazio guztietan.

- Hauteskunde egunean zehar lanean egongo diren pertsona guztientzat FFP2 maskarak eskuratu ditu Udalak, bai mahaikideentzat, lanean ibiliko diren pertsona guztientzat eta hauteskundeen antolakuntzan arituko direnentzat.

- Hautesleku bakoitzean mahai bat baino gehiago dagoenez, mahai bakoitzak bere ilara propioa izango du, eta ondo markatuta egongo dira ilara horiek, eta ilara bakoitzeko pertsona arduradun bat egongo da herritarrei bozka emateko sarbidea emateko. Edonola ere, ilara gehigarri bat jarriko da 65 urtetik gorako pertsonak eta haurdun dauden emakumeak zuzenean hautes mahaira lehentasunez bideratzeko.

Sarrera guztietan, gel hidroalkoholikoak eta desinfektatzeko gailuak herritarren eskura jarriko ditu Ordiziako Udalak eta baita bozka hartzeko kabina bakoitzean ere.

Hautes mahai bakoitzeko lehendakariak metakrilatozko pantailez babestuko dira. Bozkatu behar duen pertsonak NAN agiria erakutsiko dio pantaila horren beste aldetik, eta lehendakariari ez zaio agiria eskura emango. Bozka ematen den aldiro hautes ontzia desinfektatuko dute, eta horretarako produktuak izango dituzte.

Neurri guzti horiez gain, Ordiziako Udala aztertzen ari da bozkatzera joango diren herritarrak egunean zehar banatu eta pilaketak ekiditeko ordu muga batzuk gomendatzea. Hain zuzen ere, 50 urtez gorako pertsonak goizez joatea gomendatzen da, 14:00ak baino lehen. Eta ordutegi horren barruan, 65 urtetik gorakoek lehentasuna izango dute 10:00etatik 12:00etara. 50 urtetik beherakoek, ordea, arratsaldeko orduetan bozka ematea gomendatzen du Udalak. Betiere, bakoitzak aukera badu hori egiteko.

Bestalde, PCR negatiboa duten baina konfinatuta dauden pertsonei jakinarazten zaie, 14:00etatik 15:00ak bitartean, eguerdian, jende gutxiago joaten dela bozka ematera eta gomendatzen zaie, ahal badute, ordutegi horietan joatea beste pertsonekin kontaktua ahalik eta txikiena izan dadin.

Ordiziarrei gogoratzen zaie begiratzeko zentsu txartelean zein den egokitzen zaien hauteslekua, eta aukera dutenek bozka etxetik prestatuta eramatea gomendatzen da. Hala ere, hauteslekuen kanpokaldean ondo zehaztuta egongo da ordiziar bakoitzak non eman behar duen bere bozka.