PCR probak egiten hasi dira COVID-19aren fokoarekin kontaktua izan duten ordiziarrei

Ordizia. COVID19

Asteburuan Osasun Sailak detektatutako COVID-19 fokoaren harira, gaur goizean, hilak 6, PCR probak egiten hasi dira Etxezarreta kaleko fokoarekin kontaktua izan duten herritarrei.

Larunbatean, Osasun Sailak konfirmatu zuen atzemandako pare bat positibori jarraipena egin ondoren, bertako taberna bat izan zitekeela COVID-19aren fokoaren sorrera. Hori jakin ostean, Ordiziako Udalak taberna hori ixtea erabaki zuen, eta atzo bertan PCR probak egin zitzaizkien Zumarragan. Emaitza positiboa izan zuten, eta ezarrita dauden neurriak segiz, foko hori agertu den alboan dauden hiru establezimendu ixtea erabaki zen prebentzio neurri moduan; nahiz eta oraingoz ez dagoen positiborik bertan. “Zuhurtziaz hartutako erabakia izan da hiru taberna hauek ixtea, horrek erakutsiko digu ea birusaren transmisioa egon den edo ez”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Gaur goizean, Barrena Jauregiaren parean gune berezi bat sortu da PCR probak egiteko herritarrei. Aurrez hitzordua hartu behar izan dute, eta gaur arratsalde/iluntzean jakingo dira lehen emaitzak. Aurreikuspenei erreparatuz, 500-700 test egingo dira gaur; eta emaitza horiek zehaztuko dituzte Udaletik hartu beharreko ondorengo erabakiak. Emaitzak telefonoz jakinaraziko dituzte, izan positiboa edo negatiboa. Gogorarazten da, PCR proba egin dutenek etxean egon behar dutela emaitza jakin bitartean eta maskara erabiltzea beharrezkoa dela.

Alkateak arduraz jokatzeko eskatu du: “egoera hauetan lasaitasuna mantentzea beharrezkoa da, baina zuhurtziaz eta arduraz jokatu beharra daukagu. Badakigu zer den konfinamenduan egotea, ezin atera izatea, eta ez dugu inolaz ere atzera pausorik eman nahi. Orain testen emaitzak zehaztuko dute zeintzuk izango diren hartu beharreko erabakiak. Herritarrak babestea izan da orain arte gure helburua, eta orain ere horixe da. Beraz, herritarrei arduraz jokatzeko eskatzen diegu beste behin, osasun neurriak mantentzea funtsezkoa dela gogorarazten dizuet, eta ez dugu ahaztu behar hau ez dela amaitu”.

ERABAKIAK

Bide batez, Ordiziako Udalak antolatutako udalekuak bertan behera gelditzen dira oraingoz, frogen emaitzak jakin arte, eta modu seguru batean egin ahal direla bermatu arte. Majori Kiroldegiko udalekuak martxan daude, baina bertan behera gelditu dira saskibaloia, errugbia eta igeriketako entrenamenduak.