Santa Ana jaiak bertan behera

“Arduraz jokatzeko unea da”, adierazi du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak, Santa Ana jaiak bertan behera geldituko direla azaldu ostean. Hemendik hilabete eskasera ziren ospatzekoak herriko jaiak, baina “bizi duguna ikusita eta etor litekeena, oraintxe arduratsuak izatea tokatzen zaigu; ezin dugu ahaztu orain arte egin dugun esfortzu guztia eta COVID-19ak gure herrian eragin dituen heriotza guztiak”, gehitu du alkateak.

Erabaki hau hartzea “zaila” izan dela ere agertu du Ezenarrok; herriko jaiak ordiziarrentzat oso bereziak baitira. Baina hainbat sektoreekin bilerak egin ostean, tartean ostalariekin, “erabaki zuhurrena jaiak ez ospatzea” dela nabarmendu du; izan ere, birusa ez da desagertu, eta oraindik ere jende pilaketak ekiditea behar beharrezkoa da koronabirusa ez dadin hedatu. Adur Ezenarro: “ordiziarrak orain arte bezain arduratsuak izango direla espero dugu; guztiok garelako kontziente gure esku dagoela egoera honi aurre egitea”.

Hala ere, herriko bizitzari eta kultur arloari bultzada emateko asmoz, kultur programazio berezi bat antolatuko dela aurreratu dute; betiere segurtasun neurri guztiak betetzen direla bermatuz. Horren adibide da ostiral honetan, Majori Plazan antolatu den aurrez aurreko kontzertua. Matilda taldeak emanaldia eskainiko du 19:00etan hasita, eta aurrez eta ondoren Monky Man DJ-ak saioa egingo du. Eserita eskainiko da kontzertua, aforoa eta distantziak kontrolatuta izateko.