Baserritarrek frontoian salduko dituzte produktuak

FRONTOIA baserritarrak III page 0001

Joan den asteko ekimenari eutsiz, asteazken honetan, hilak 25, Ordiziako frontoian bederatzi ekoizlek haien produktuak saltzeko aukera izango dute. Asteazkenero egiten den azokak, bere horretan, duen bolumenagatik ezin ditu osasun baldintza egokiak bermatu, eta horregatik erabaki da beste astebetez partaide kopurua mugatzea.

Aste honetakoa, baina, frontoi barruan egingo da. “Segurtasun neurriak areagotzeko egokiagoa deritzogu Plaza Nagusitik frontoira lekualdatzea. Azken finean, askoz ere kontrolatuago egongo da, segurtasun neurriak zorrotzagoak izango dira, eta erosketak egitera sartzen den jende kopurua ere kontrolatuagoa egongo da. Frontoia bera dagoeneko desinfektatu da, eta gainera, ilararen amaieran bi arraska jarriko ditugu erosleak sartu baino lehen eskuak xaboiarekin garbi ditzaten. Kokapen berriarekin bestalde, plazaren inguruan goizetan erosketak egiteko ematen den jende pilaketa ere ekingo genuke, kale Nagusian janari denda asko daudelako, estankoa, 3 farmazia, eta frontoira mugituta jendea gehiago sakabanatzea lortuko dugu”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Lehen sektoreari babesa

Garai zail hauetan Ordiziako Udalak lehen sektorearekiko duen babesa eta konpromisoa berretsi ditu. “Bertako hainbat sektorek zabalik jarraitzen duten modu berean, ekoizleei aukera eman nahi diegu euren produktu galkorrak saldu ahal izateko, segurtasun neurri guztiak bermatuz”, gehitu du Maitane Alvarez alkateordeak. Frontoi barrura sartzen diren pertsona kopurua ere kontrolatuta egongo da.

Ordutegi mugatua goizeko 9:00tatik 12:00tara izango da.

Baserritar eta saltzaileok:

  • Saltzaile bakarra postu bakoitzeko.
  • 65 urtetik gorakoak edo arrisku-taldekoak ezingo dira etorri (arrisku taldeak dira bihotzeko gaitzak dituztenak, organoren bat transplantatua dutenak, arnasketa gaitzak dituztenak… erreferentzia gisan urtero gripearen txertoa jasotzeko gomendio-eskutitza jasotzen dutenak).
  • Eskularruak erabiltzea derrigorrezkoa izango da eta maskara jarrita egon beharko da uneoro (materiala norberak ez badu Ordiziako Udalak jarriko du).
  • 1,5 metroko segurtasun tartea mantentzea baserritarren artean.
  • 1,5 metroko segurtasun tartea baserritar eta erosleen artean mantentzea, horretarako zoruan zinta koloretsuak jarriko dira.
  • Erosketa bakoitzetik bestera, eskuak desinfektatu beharko dira.
  • Produktuak, baserritarrak bakarrik ukitu ahal izango ditu eta ezingo dira erosleen aurrean egon. Horretarako Udalak mahaien kokapena moldatuko du.
  • Postu bakoitzak bi mahai izango ditu. Atzean produktua egongo da, baserritarraren eskura soilik, aurrekoa hutsik egongo da, eroslearentzat produktuak bildu eta emateko.
  • Aurreko mahaian dirua uzteko eta hartzeko otarrak edo edukiontziak jarriko dira, kontaktuak ekiditeko.

Erosleek:

  • Familia bakoitzeko pertsona bakarra joan ahal izango da erostera.
  • Ezingo da ume edo helduekin sartu, eta adinekoak erosketak egitera etorriko balira boluntario batek egingo dizkie erosketak frontoi barruan.
  • Arrisku-talde batekoa bazara ez etorri. Arrisku taldeak dira bihotzeko gaitzak dituztenak, organoren bat transplantatua dutenak, arnasketa gaitzak dituztenak… (erreferentzia gisan urtero gripearen txertoa jasotzeko gomendio-eskutitza jasotzen dutenak).
  • 1,5 metroko segurtasun tarteak mantendu bai baserritar eta baita erosleekin.
  • Produktuak ezingo dira ukitu.
  • Postu bakoitzaren aurrean bezero bakarra egon ahal izango da, eta itxaroten dagoen hurrengo pertsona 1,5 metro atzerago egon beharko da, eta horrela hurrenez urren.
  • Prezio justua ordaintzea gomendatzen da, edo borobiltzea kanbiorik ez hartu behar izateko.