'ORDIÇIAKO' JATORRIA EZAGUTZETIK GERTUAGO

Laborategiak iaz aurkitutako giza hezurrak 1117-1222 urte bitarte datatu ditu

2018ko abenduan, Ordiziako San Bartolome ermitan 750. urteurrenaz baliatuz egindako lan arkeologikoen lehendabiziko emaitzak ordiziarrekin partekatu ondoren eta behin laginen radio-karbono bidezko datazioen emaitzak izandakoan hauen berri emango zutela zin egin ostean, emaitzak ostegun honetan, apirilaren 4an, azaldu dituzte prentsa aurrean  Nerea Iraola, David Cano eta Iosu Etxezarraga ikerlariek, Udalaren eta OSBELE elkartearen babespean.

Dokumentazio historikoari esker egungo ermitaren eraikina XIX. mendekoa dela eta honen aurrekoa, dokumentazioak eta indusketak berak baieztatu duten bezala XVI. mendekoa izan zela frogatu da. Baina XVI. mendeko tenpluaren azpian agertu ziren horma aztarnak noizkoak dira? Galdera honekin amaitu zuten abenduko jendaurrekoa Canok eta Iraolak. Honela, radio-karbono bidez datatutako hormaren laginak datazio tarte hau eman du: 1280-1394 urte ingurua.

San Bartolomen lau tenplu, gutxienez

Baina sorpresak ez dira hemen amaitzen, lehengo urteko lan arkeologikoetan ermitaren barruan agertu zen giza hezurrak ere datatuak izan dira, Miamiko Beta laborategiak data tarte hau eman du: 1117-1222 urte bitartea. Honek zer esan nahi du orokorrean? Gizaki hau Villafranca hiribildua sortu (1268) baino lehenagoko San Bartolome ermitan ehortzi zutela eta beraz, ez ditugula San Bartolome ermitaren hiru tenplu desberdin bakarrik, baizik eta lau gutxienez. Honela, emaitza honek hiribildua sortu baina lehenago San Bartolome ermita Ordiçia izeneko leku hartan bazegoela baieztatzen digu. Beraz, 2018an aurrera eramandako lan arkeologikoek gutxienez lau tenplu baieztatu dituzte, zaharrena gutxienez XI eta XII. mende bitarteetan eraikia, hurrengoa Villafranca hiribildua sortu eta handik urte batzuetara eraikia, horren ondorengoa hiribilduaren sutearen (1512) garaikidea eta azkena, gaur egungoa XIX. mendekoa.

Eta emaitza hauek jakinik, orain zer?

Indusketaren sustatzaile bezala David Canok eta Nerea Iraolak galdera hau egin eta erantzun dute. Aurten biak beraien doktoretza tesiak amaitzen dabiltza, beraz, hurrengo urteari, hau da, 2020ari begira indusketa sakon eta oso bat, bai ermitaren barrua eta baita ere kanpoko eremua osorik aztertu eta dokumentatuko duen indusketa proiektua aurrera eramateko asmoa agertu dute. Honekin, lehengo urteko lan arkeologikoen zuzendarietako bat izan zen, doktorea den eta baita Gipuzkoako Erdi Aroko ermiten aditua den Iosu Etxezarraga izendatu dute proiektuaren zuzendari. Hala ere, ez dute ahaztu nahi izan lehengo urteko lan arkeologikoen beste zuzendaria Ander Arrese eta bere Suhar Arkeologia enpresa, ezta aurrekontutik kanpo geratutako datazioak finantzatu dituzten Ordiziako Udala, Orkli eta OSBELE elkarteari ere, Ordiziako jatorria ezagutzetik gertuago gaudelako.