GIPUZKOAKO HISTORIA NAFARRA OSTIRALEAN UDALETXEAN

Beñi Agirreren hitzaldia Udaletxean, 19:00 etan. irailak 21, ostirala

Datorren ostiralean, irailaren 21ean, arratsaldeko 7etatik aurrera, Nabarralde elkartearen partaidea den Beñi Agirrek  “Gipuzkoako historia nafarra” izenburu duen hitzaldia eskainiko du Udaletxeko Batzar Aretoan, Ordiziako Udaleko Kultura sailak antolatutako “Ordizia 750” solasaldi zikloaren barruan.

Gipuzkoaren historia, Nafarroako Erreinuarena, Euskal Herriarena (baita Ordiziarena ere), ezagutu izan ditugu historiografia tradizional baten begiradatik. Hitzaldi honetan, Beñi Agirrek Gipuzkoaren bestelako historia bat aurkeztuko digu. Izan ere, maiz ezkutatu egin zaigu Gipuzkoaren sorrera eta mugak Gaztelaren interesek eragindako liskar eta gerren ondorio direla, eta Gipuzkoako hainbat hiribildu Gaztelak sortu zituela Nafarroari konkistatutako lurraldeetan, hain zuzen ere, Nafarroak bere lurrak berreskuratzeko ahaleginei aurre egiteko. 

Beraz, ezin da ulertu Gipuzkoa euskal lurraldeen eta Nafarroako Erreinuaren historian kokatu gabe. Hizlariak azalduko digu kokapen historiko zabal horretatik, nola iritsi garen egungo barrutira. Historiografia “ofizialaren” kontakizuna apurtuta, geure esku dago euskal nafarron historia beste era batera jorratzea. Ezin da Gipuzkoaren gaia ikertu bere inguruan dituen euskal probintzietatik bereiziz eta, eremu zabalago batean, Europako hego-mendebaldeko testuingurutik aparte. Euskal Herria, bere osotasunean, eremu zabalago batean kokatu behar da: Europan.

Beñi Agirre (Hernani, 1953) gaur egun Nabarralde Fundazioko kidea eta proiektuen dinamizatzailea da. Euskalgintzan ibilbide luzea izan du (euskara irakasle izan da eta hainbat ardura izan ditu zenbait euskaltegitan), baita Euskal Herriaren historiaren ikerketan ere: Nafarroako historiari buruzko puntubi.com  web guneko sortzailea izan da (2000), Nafarroako historiari buruzko zenbait lan egin ditu ikertzaile eta dokumentalista moduan, hainbat historia kongresutan partaide izan da, HARIA aldizkarian idazle, Nabarraldeko Kazetan zutabegile, hedabideetan artikulugile, hitzaldi eta mahai inguruetan partaide… Ibilbide oparoa gure herriaren historiaren ikerketan eta dibulgazioan. Gipuzkoaren historia nafarra liburua argitaratu zuen 2017an.