KATERIN ARTOLA, AURRESKU TXAPELDUNA

Zazpi dantzari lehiatu dira hiru dantzekin txapelketa mistoan

Ordiziako plaza Nagusian, Ordiziako Udalak, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Amets Bide kultur elkarteak antolatuta, Aurresku txapelketa nagusia jokatu zen larunbatean.  Aurten lehenengo aldiz, Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelketa eta Euskadiko soinu zahar txapelketa bateratu eta, partaidetza mistoa izan da. 

Guztira zortzi dantzari lehian aritu dira: Nahia Lopez (Legazpi), Iker Belintxon (Lezo), Beñat Salegi (Errenteria), Idoia Narbaiza (Legazpi), Elixabet Larrañaga (Villabona), Asier Rios (Errenteria), Katerin Artola (Oiartzun) eta Irati Olaizola (Legazpi).

Dantzariek, Ordiziako txistularien  eta Aitor Furundarena akordeoilariaren laguntzaz, Aurkez aurke (desafioa), soinu zaharra bat (dantzariek Ehun dukat, Ehun ta bikoa eta Grazianaren artean dantzari bakoitzak aukeratu duena) eta Zortzikoa eskaini behar izan zituzten.

Epaimahaia erabakia hartzen zuen bitartean,  haur mailetako txapeldunak, Lezoko Olatz Azkuek, Alegiko Aritz Maizak eta Asteasuko Maddi Etxeberriak, txapelketaz kanpo, ikuskizun aparta eskaini zuten ere; Gazteen mailetan (15 urtetik beherakoak) egiten den  lana ere ikusteko aukera  izanez. 

Epaimahaia osatzen zuten  lagunek (Jose Luis Vallejo, Nahikari Vizuete eta Izar Etxeberria), txapelketa honen epaia eman behar izan zuten, sari nagusiak modu honetan banatuz:

Sari nagusiak

Oiartzungo Katerin Artolak jaso zuen eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien biltzarreko trofeoa,  Ordiziako Udaletxeak eskainitako trofeoa, Txapela, 400,00 € eta gazta bat eskuratzeaz gain, “Patxi Epelde” eskulturagilearen lana hurrengo edizioa ospatu arte bere herriko udaletxean gordeta izatearen ohorea lortu du.

2. Saria berriz Errenteriako Beñat Salegirentzat izan zen eta honek  Ordiziako Udaletxeak eskainitako trofeoa, 300,00 €  eta gazta bat eraman zituen etxera.

Legazpiko Irati Olaizolak  3. Saria lortu zuen eta Ordiziako Udaletxeak eskainitako trofeoa, 200,00 € eta gazta bat jaso zituen.

Jesus Mari Garate gogoan

Txapelketa hau, Ordizian egin izan bada, neurri handi batean Jesus Mari Garateri esker da. Berak, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak Pasaiaren testigua jasotzen zuen herri baten bila zebilela jakin bezain pronto, txapelketa nagusi hau, Ordizian egitea nahi zuela adierazi zuen.

Ordiziako Udaletxea, Amets Bide Taldea eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak elkartu eta txapelketa Ordizian egitea erabaki zen.

Apirilean utzi gintuen, jadanik antolaketa lanak martxan zeudela eta gaurkoan ezinbestekoa zen bera gogoan izatea. Txapelketa hau martxan jartzeko ilusio eta egindako guztiarengatik, eta bide batez, bere bizitza osoan zehar dantzaren alde egindako lanarengatik.