MUSIKA HAMABOSTALDIA ETA KAOTIKO ORDIZIAN

Kontzertuak eta jarduera musikalak izango dira asteazken eta ostiral honetan

Santa Ana jaiak agurtzeko aparteko jardunaldia antolatu zen udalerriaren 750.urteurrenaren baitan uztailean eta oporraldiaren bueltan, Euskal Jaien atarian, musika da berriz protagonista. Hala, asteazken honetan eta ostiralean, abuztuaren 29an eta 31an hurrenez urren, Donostiako Musika Hamabostaldia lehenengo eta, asteburuari begira, Kaotiko taldearen kontzertua izango dira Ordizian.

Asteazkenean azokak eta musikak bat egingo dute. Goizean zehar gune desberdinetan burutuko diren ekintzak izango dira, 750. urteurreneko antolaketa taldeak Donostiako Musika Hamabostaldiak elkarlanean prestatuta. Lehenengoa 10:30ean Nikolas Lekuona plaza izango da txikiei zuzenduta. ‘Saxofonistaren istorioa’ obra kontatuko da musikaz lagunduta. Hurrengo parada plaza Nagusian izango da, 11:00etan hasita, Gastronomiaren Euskal Kofradiaren Eguzkilore otxotearen eskutik. Hauek abestien ondoren, bertsoak Kutxaren eraikinaren balkoietatik, 11:5etan. Goierriko Bertso Eskola eskainiko du ‘Bertsotan balkoitik balkoira’ saio berritzailea.

Asteazkena ixteko azken  hitzordua Jasokundeko Andra Mariaren elizan izango da, 12:30ean. Musika barrokoa eta euskal melodiak eskainiko dituzte elkarlanean L’Incontro Dúo bikoteak eta Iparraldeko Kalakan taldeko txalapartariek. Bi talderen arteko topaketa, bi unibertso musikalen nahasketa, emaitza berri bezain berezi batentzat. Kalakan eta L’Incontro Dúo-aren arteko boskote formatuko elkarlan honek, euskal  musika eta musika barrokoaren arteko nahasketa goxo bat proposatzen digu. Kalakanek betidanik euskal kanten inguruko lanak proposatzen baldin baditu  ere hirukote moduan, kolaborazioek beti garrantzi handia izan dute, aberastasunaren eta handitzearen sekretua direlako. L’Incontro Dúo-arekin batera egindako lan berri honetan dimentsio berri bat ematen diote euskal kantagintzari harpak eta oboeak. Musika barrokoaren eta melodia tradizionalen arteko nahasketa bat proposatzen dute, italiar testu eta euskal  olerkien topaketa. Harpa, oboea, perkusio, alboka, txalaparta eta ahotsek batera jolasten dute, bi  unibertso musikal bateratuz.

Aste honetako musika programa ostiralean itxiko da, Arabako Kaotiko rock taldeak eskainiko duen kontzertuarekin. Plazan Nagusian arituko dira 22:00etan hasita.

Ekintza guztiak doakoak dira.