Erakusketak, hitzaldiak, argitalpenak, dokumentalak, ekintza artistikoak eta aparteko berrikuntzekin dator urteaOrdiziak bere fundazioaren 750.urteurrena beteko du aurten, 1268an emandako ‘Hiri-gutunak’ edo Sevillako Eskubide bereziak dioenez. Hau dela-eta, ekintzez beteriko urtemuga prestatu da. Osasuna eta historiari buruzko solasaldi sorta banarekin eta Pedro Gaztañagak hasi duen artista ordiziarren erakusketa programarekin ekin zaio urteari. Udal ordezkariek eta antolakuntzan ari diren hainbat ordiziarrek aurkeztu dituzte asteazken honetan, urtarrilaren 31an, agendako ekitaldi esanguratsuenak ‘Ordizia 750’ urteari irekiera ofiziala emanez.
Alfontso X.a Jakintsuak, Gaztelako erregeak, sortu omen zuen herria, herriak sortzeko plangintza orokor bati jarraituz; Segura eta Tolosa ere esate baterako. Hasiera batean, San Bartolome baselizaren ondoan kokaturik zegoen herria, eta "Ordizia" zuen izena. Aurreraxeago aipaturiko errege horrek berak aldatu zion izena, Sevillan 1268ko uztailaren 30ean emandako ‘eskubide’ berezi baten bitartez. Horrez gain, Vitoriak (gaur egun Vitoria-Gasteiz denak) zituen abantailak eta Foruak ere eman zizkion, eta erregeari ordaindu beharreko zergak ez ordaintzeko baimena ere bai. Antso IV.a ‘Ausarta’ izan zen Alfontsoren ondorengoa, eta emandako eskubide berezia berretsi, eta gainera zergak ez ordaintzeko eskubide gehiago ezarri zituen Valladoliden 1290eko apirilaren 28an sinatutako beste agiri bat medio.
‘Hiribildu bezala gure herri sortu zeneko bi zertzelada besterik ez dira aipatutakoak’, esan du Jose Miguel Santamaria alkateak aurkezpenean. ‘Historia luzeak ekarri gaitu hona, gorabehera askorekin’, jarraitu du. ‘750.urte hau aukera bat izan behar du gure iragana ezagutzeko, gure oraina ospatzeko eta etorkizuna proposatzeko. Baina, batez ere, elkarbizitza hobetzeko eta Ordiziaren etorkizuneko diseinuan bat egiteko baliokoa izatea nahi nuke’, erantsi du.
PROGRAMA
Ekitaldi mordoa dago urteko agendan aurreikusita. Urteurreneko ‘eguna’, uztailaren 28a izango da. Ekintzak laburbilduta aipatu ditu Joseba Aranburu, Kulturako zinegotziak: