MOZANBIKEKO SALAUE HERRIKO ERREALITATEARI BURUZKO ERAKUSKETA ETA HITZALDIA BARRENAN

2015-01-30 salaueErakusketa otsailaren 8ra arte dago ikusgai, eta argazkiak salgai egongo dira proiektuari laguntza emateko. Hitzaldia datorren asteazkenean da

Joan den udan Euskal Herriko lau gazte –Uxue Urzelai ordiziarra tartean- Mozanbike iparraldeko Salaue izeneko herrixka batean izan dira hiru hilabetez, Emakhuwa kulturako jendearekin, Eusko Jaurlaritzako "Euskadiko Gazteak Lankidetzan" programaren laguntzaz. Honen harira, ikerketa antropologiko eta arkitektoniko bat egin dute, bertako jendearen egunerokotasunean murgildu, eta haien ohiturak, kultura, hizkuntza eta oinarrizko beharrak ezagutu dituzte. Lan horren erakusgarri, 'Beste errealitate bat: Salaue-Mozanbike' erakusketa jarri dute Barrenan otsailaren 8ra arte, eta otsailaren 4an, asteazkena, hitzaldi bat egingo dute toki berean, 18:30ean.

Cabo Delgado Mozanbike iparraldeko probintzia txiroena da, eta bertan dago Salaue. Osasun eta hezkuntza gabezia izugarriak dtuzte, eta kasu askotan ur edangarria eta elikagaiak ase gabe dituzte. Hiru hilabeteko lanaren ondoren, gazteen asmoa herrixkako garapenean laguntzeko zenbait proiektu aurrera eramatea da, bertakoen bizi kalitatea hobetu nahian: presa baten eraikuntza, osasun zentru baten eraikuntza, hezkuntzaren hobekuntza, erditze gela baten eraikuntza... Horretarako, ordea, laguntza ekonomikoa behar-beharrezkoa dute.

Erakusketa honekin Salaueko errealitatera gerturatu nahi dituzte argazki, bideo eta hitzaldi baten bidez. Erakusketan ikusgai dauden argazkiak salgai egongo dira proiektuari laguntza emateko. Bestalde, diru laguntzaren bat eman nahi duenak kontu korronte bidez egin dezake.

Informazio gehiago: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.