ORDIZIAKO UDALAK AITORTZA EGIN DIE 36KO GERRAREN ETA FRANKISMOAREN BIKTIMEI

2014-12-10 ahaztuenmindura'Ahaztuen mindura' liburua aurkeztu ondoren izan da ekitaldia, batzar aretoa bete-bete eginda zegoela

Ordiziako Udalak aitortza egin die altxamendu faxistaren, 36ko gerraren eta errepresio frankistaren biktimei, atzo arratsaldean udaletxeko batzar aretoan egin zen ekitaldi jendetsuan. 'Ahaztuen mindura. 1936ko gerra eta lehen frankismoa Ordizian' liburuaren aurkezpenean lekukotza eman duten 14 lagun izan ziren protagonista, eta haien bizipenak bildutakoekin partekatu ondoren, Igor Eguren alkateak hartu zuen hitza. Biktimek udaleko liburuan sinatu eta gero bukatu zen ekitaldia. Larunbatean, berriz, 'Uda minean negua' dokumentala proiektatuko da Herri Antzokian (18:00), eta 19:30ak aldera eskultura bat jarriko da Nikolas Lekuona plazan biktima horien guztien oroimenez.

Liburu aurkezpenaren eta ekitaldiaren argazkiak

Ekitaldi xume bezain solemnea izan zen atzo udaletxeko batzar aretoan egindakoa. Libururako lekukotza eman zuten 22 lagunetatik 14 aretoaren erdi-erdian, ondoan Ordiziako Memoria Historikoa Berreskuratzeko taldeko kideak, eta parean dozenaka ordiziar eta goierritar. Julen Agirre taldeko kideak hartu zuen hitza lehenik, eta lekukotza eman eta orain gutxi hil diren lau herritar izan zituen gogoan: "Honek erakusten du zer berandu egiten ari garen lan hau".

Liburuaren nondik norakoak azaldu eta gero, altxamendu faxistaren, 36ko gerraren eta errepresio frankistaren biktimei eman zien hitza. Barruko korapiloak tarteko, kosta egin zitzaien hizketan hastea, baina testigantza batzu-batzuk entzun ziren aretoan. Herrikoi kutsuko aurkezpena izan zen hasierakoa, 14 lagun horiei liburua oparituz bukatu zena. Liburua Ordizia, Beasain eta Segurako liburu azoketan egongo da salgai asteburuan, 15 euroan. Aurrerago jakinaraziko da liburua non eskuratu ahalko den.

Segidan Igor Eguren alkateak hartu zuen hitza. Eskerrak eman zizkien memoria historikoa berreskuratzeko lanean ari direnei, biktima eta senide guztiei, eta aitortza instituzional modura, jarraian duzuen adierazpena plazaratu zuen. Alkateak eta bildutako biktima guztiek udaleko liburuan sinatuz bukatu zen ekitaldia.

Izan zirelako gara, garelako izango dira

Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna, abenduak 10, errekonozimendurako eguna bilakatu nahi dugu gaur areto honetan. Frankismoaren biktimen, biktima bihurtu ziren momentu beretik, egia, justizia eta ordainean oinarritutako aitortza jasotzeko urte askotako isiltasuna eta zigorgabetasuna eman direlako eta biktimen egia, justizia eta erreparazioa ez delako inolaz ere gauzatu.

Iraganik gabeko etorkizunik ez dago. Iragana, baina, nekez ekar liteke orainera historiaren eta arduraren zantzua galdu bada.

Espainiako Gerra Zibila esan zen hartara deitu gabeko ehunaka lagun bildu ziren; gehienak inork izendatu gabe, izate eta izan nahi soilagatik. Gaur aurkezten den lanak izena ostu nahi izan zieten haietariko batzuk gogora ekarri ditu, eta haien bitartez izen deitura urraturik jarraitzen duten beste milaka.

Lehenengo aitortza eta esker ematea esku arten dugun lana garatzen aritu zaretenontzat da. Familia askoren memoria kolektiboan gordeta zeuden historia puskekin iraganaren, eta ondorioz, orainaren puzzlea osatzeko eman duzuen pauso ausartarengatik.

Eskerrik asko saminetik, oroimenetik, hura guztia gogora ekarriz mina sufritu arren, testigantza hunkigarriak helarazi dizkiguzuenoi. Zubi latz hori pasata, zuen senitartekoen izena berreskuratzen laguntzeagatik.

Eta eskerrik asko, bereziki, zuen semea, aita, osaba, aitona, anaia galdu arren, aurrera egin zenuten ama, alaba, arreba, izeba, amona eta gainerako senitartekoei. Zuen indarrari esker, zuen ausardiari esker, zuen borrokarako gogoari esker, errepide bazterretan udaberria ernalduko delako. Hau ez da zuetariko bakoitzak bakea lortzeko bidea bakarrik, gure herriaren historiak egia guztiak jaso ditzan lehenengo bidea da. Eskerrik asko denoi, bihotz bihotzez.

Bizikidetza eredu berria eta giza eskubide sozial eta politikoen aldarria gizartearen eskari behinena bilakatu da. Ahalegin hori gauzatze bidean zeresan handia dugu erakundeok. Eta ahalegin horretan ezinbestekoa da oraina zerk sortu duen ezagutzea, gogoratzea, hurkoa onartu eta bidea aitortzea. Oraindik asko dugu egiteko, norberak bere lekutik, norberak bere minetik.

Bukatzeko, liburuaren epilogoa irakurri nahi nuke: "Zalantzarik gabe liburu hau prestatzerakoan unerik hunkigarrienak elkarrizketak izan dira. Halere, esango genuke zirrararik handiena ez dutela eragin lekukoen narrazioek, baizik eta isiluneek: gertaera mingarriren baten kontakizuna egin ondoren sortu diren isiluneek. Une horietan, sentitu dugu nolabait ere elkarrizketatuen hitzak eskailera baten modukoak izan direla, horiek entzunda, hitzak beharrezko ez diren egoera batean ikusi ditugula. Halaz guztiz eta, isilune horietan sentitu dugu zein garrantzitsuak diren hitzak, berriro halako giza eskubide urraketarik gerta ez dadin sekula".

Eskerrik asko