GOIERRIKO I. ERROMERI BIRA OIANGUN, TABERNAREN AGUR FESTAREKIN BAT EGINEZ

2014-09-26 erromeriBihar emango zaio hasiera erromeria birari Ordizian, 18:30ean

Oianguko tabernaren zerbitzu aldiari bukaera emanez, bertsoak eta kontzertuak izango dira

Larunbata bete-betea dator Oiangun. Goizean Altamirako Putzua ezagutzeko irteera antolatu bada, arratsalde-iluntzean dantza eta jai giroko ekitaldiak izango dira. Oiangun emango zaio hasiera Goierriko I. Erromeri Birari, 18:30ean. Ordiziako Amets Bide taldeak Goierriko beste zenbait herritako dantza taldeekin sortutako ekimena da Erromeri bira. Eta egun berean, ekainetik zabalik dagoen Oiangu tabernak agur esango dio udako denboraldiari, eta hori dela eta, tabernako arduradunek agur festa bat antolatu dute.

Herenegun aurkeztu zuten eskualdeko hainbat herritako dantza taldeen ordezkariek Goierriko I. Erromeri bira. Oiangun egin zuten aurkezpena, hor emango baitzaio hasiera larunbat honetan hilero txandaka, irailetik uztailera, Goierriko hainbat herri zeharkatuko dituen ekimenari. Oianguko erromeria 18:30ean hasiko da, eta dantzarien bidelagun, Xapre eta Furriela trikitilariak ariko dira.

Dantzarako ohitura zaharra bultzatzea, eta Goierriko herrien eta herritarren arteko loturak sortzea ditu helburua Goierriko erromeri birak. Erromeria ondoko herrietan egingo dira: bihar, hilak 27, Ordizia; urrian Zaldibian; azaroan Araman; urtarrilean Gabirian; otsailean Beasainen; martxoan Idiazabalen; apirilean Urretxun; maiatzean Legorretan; ekainean Ordizian eta Arriaranen; eta uztailean Lazkaon.

Oianguko tabernaren agur festa
Eta larunbatekoa aurtengo azken lan eguna izango da Oianguko tabernarentzat, lau hilabeteko jardunaren ondoren. Bukaera modura agur festa bat antolatu dute tabernako arduradunek: 20:30ean Goierriko Bertsola Eskolakoen saioa izango da, eta afalondorenean, Koplaka, Vancouver eta Pepe Botika (Tributo Extremoduro) taldeen kontzertua.
Gaur ostirala, berriz, Nazarenos del Norte taldeak joko du Oianguko tabernan, 23:00etan.

Erreserbak: 688 864 192