ORDIZIAKO UDALAK DITUEN BALIABIDEAK JARRI DITU ETXEZARRETAKO BIZILAGUNAK GAUR BERTAN HAIEN ETXEETARA ITZUL DAITEZEN

2014-07-21 etxezarretaEtxearen egitura ez dagoela kaltetuta dio udal teknikariek egindako txostenak, eta arotz eta argiketariek lana bukatzen dutenean itzuli ahalko dira kaltetutako bizilagunak etxeetara

Zauritutako pertsona Donostiako erietxean dago, kontziente dago, baina oraindik frogak egiten ari zaizkie

Ordiziako Udala bere esku dituen baliabide guztiak jartzen ari da bart gauean Etxezarreta kaleko 3. zenbakian izan den sutean kaltetutako bizilagunak gaur bertan haien etxeetara itzultzeko modua izan dezaten. Udal teknikariek egindako txostenaren arabera, etxearen egitura ez dago kaltetuta, eta beraz, bizilagunak gaur bertan itzuliko ahalko dira haien etxeetara. Hala ere, arotzak eta argiketariak lanean ari dira oraindik, eta horiek haien lana bukatu arte itxaron beharko dute. Sutea piztu den etxean bizi den pertsona Donostiako Ospitalean dago oraindik. Kontziente dago, baina oraindik frogak egiten ari zaizkie. Denera 25 pertsona atera behar izan dituzte kaltetutako eraikinetik. Batzuk lagun eta senideen etxeetan pasa dute gaua, eta beste batzuek inguruko hoteletan.

Etxezarreta kaleko 3. zenbakiko lehen solairuan piztu da sutea, bart gauerdiko 00:30ak aldera. Lehen solairuko gela jakin batean piztu da sutea, baina zeren ondorioz piztu den oraindik ez da argitu. Hogei minutuan kea hirugarren solairuraino iristen zen, eta egoera gordina bizi izan da lehen tarte horretan. Suhiltzaileek 03:00etarako kontrolpean zuten sutea, eta eguna argitzera arte itxaron dute teknikoek egitura aztertu eta balorazio sakon bat egiteko.

"Momentuz badirudi susto handi batean geratuko dela dena. Momentuz dakiguna da sutean kaltetuta pertsonak ospitalean pasa duela gaua, kontziente dagoela, baina oraindik ere medikuak frogak egiten ari zaizkiela. Suhiltzaileek eta udal teknikariek esan dutenez, zoruak eta sabaiak ondo daude, eta suak ez dio egiturari kalterik eragin", adierazi du Igor Eguren alkateak.

Ospitaleratutako pertsona ez ezik, beste bi-hiru bizilagun ere artatu behar izan dituzte gauerdian bertan. Denera 25 bizilagun inguru atera behar izan dituzte eraikin horretatik. "Horietako batzuk senide eta lagunen etxeetan pasa dute gaua, eta halakorik ez zeukatenei hotela bilatu diegu gaua pasa ahal izateko. Aipagarria da ordu horretan kalean jende asko zebilela oraindik, Santa Ana jaien umeen asteburuan geundelako, eta bizilagunen eta herritarren portaera eredugarria izan da. Jendeak lagundu egin du, baita zauritutako mutila etxetik ateratzen ere".

Etxearen egurrezko egitura ondo badago ere, elektrizitate instalazioa errebisatzen eta eskailerako argiteria konpontzen ari dira orain argiketariak. "Argia baldin badago ere, akats batzuk ematen ditu. Kuadro elektriko guztiak erre den etxebizitzaren ondoan daude, eta nahiago dugu elektrizitate enpresa batek dena ondo begiratzea eta dena ondo dagoela ziurtatzea bizilagunak haien etxeetara itzuli aurretik", amaitu du alkateak.