EUROPAKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEETAKO ORDIZIAKO EMAITZAK

2014-05-26 hautesEH Bildu izan da alderdi bozkatuena, eta EAJ bigarrena, biek gora eginez

PSE-EEk botoen erdiak galdu ditu, eta Podemos izan da laugarren indarra

Europako Legebiltzarrerako Hauteskundeetako alderdirik bozkatuena EH Bildu izan da Ordizian (1.177 boto, %38,1) eta EAJ bigarrena (821, %26,6). Bi alderdi horiek 2009ko hauteskundeetan baino boto gehiago jaso dituzte. Bozka gehien jaso duen hirugarren alderdia PSE-EE izan da (362, %11,7), baina 2009an jasotako botoen erdiak galdu ditu. Podemos alderdi ezkertiarrak 207 boto jaso ditu (%6,7), PPri aurre hartuz (180, %5,8). IU-Ezker Anitza-Ezkerrak ere gora egin du boto kopuruan, (161 boto, %5,2). Abstentzioa %55,04koa izan da (3.867 herritarrek ez zuten bozkatu). 7.026 herritarrek zuten atzo botoa emateko eskubidea.

EH Bilduk 2009ko hauteskundeetan baino 278 boto gehiago jaso zituen atzo Ordizian. Ordukoan 899 izan ziren, Iniziatiba Internazionalistaren eta Aralar-EA koalizioaren botoak batuta. EAJk orain bost urte baino 46 gehiago eskuratu zituen (2009an 775 eskuratu zituen). Bi alderdi abertzaleek gora egin dute boto kopuruan, eta bien artean, Ordizian jasotako botoen herena baino gehiago jaso dute (%64,7).

Beherakada handia izan duen alderdia PSE-EE izan da. 2009an jasotako 728 botoetatik 362 jaso ditu aurten (366 boto gutxiago). Podemos koalizio ezkertiar berriaren emaitzak aipagarriak dira 207 boto lortuta; laugarren alderdi bozkatuena izan da. PPk orain bost urte baino 86 boto gutxiago jaso ditu, eta bosgarren indarra izatera pasa da. IU-Ezker Anitza-Ezkerrak Europako aurreko bozetan baino 100 boto gehiago jaso ditu (2009an 61 izan zituen). UPD, berriz, 2009ko 16 botoetatik 2014ko 62ra pasa da.

Botoa emateko eskubidea zuten 7.026 herritarretatik 3.159k eman zuten atzo botoa, abstentzioa %55,04an utziz (2009an %55,73koa izan zen). Boto zuriak 57 izan ziren (%1,81) eta baliogabeak 14 (%0,44).