Image
Image

Bono kanpaina abiatzear, tokiko merkataritza eta zerbitzuak sustatzeko

Bono kanpaina abiatzear, tokiko merkataritza eta zerbitzuak sustatzeko

Ordiziako Udalak bono-kanpaina aurkeztu du gaur, herriko merkataritza eta zerbitzu sektorea sustatzeko eta indartzeko helburuarekin. Aurkezpenean, Maitane Alvarez alkateordea eta Zorion Intsausti, Oreka belardendako arduraduna eta Ordizian elkarteko lehendakaria, izan dira kanpainaren xehetasunak azaltzen, sektoreko ordezkaritza zabal baten babespean. Ekimenaren bidez, herritarrek Ordiziako establezimenduen aldeko hautua egiteko erraztasun bat eskaini nahi da, tokiko eskaintza ezagutaraziz eta gertuko merkataritzari lagunduz.

Guztira, 3.000 erosketa-bonu jarriko dira salgai. Bonu bakoitzak 30 euroko balioa izango du, baina erosleak 20 euro baino ez ditu ordainduko; gainerako 10 euroak Ordiziako Udalak jarriko ditu. 

Maitane Alvarez alkateordearen hitzetan, tokiko merkataritzak funtsezko eginkizuna du herriaren eguneroko bizitzan: «Herriko dendek, tabernek eta zerbitzuek gure kaleak bizirik mantentzen dituzte. Ez dira soilik produktuak edo zerbitzuak eskaintzen dituzten negozioak; harremanak sortzen dituzte, gertuko arreta eskaintzen dute eta herriaren nortasunaren eta bizitasunaren parte dira. Horregatik, tokiko merkataritza babestea eta bertan erostea Ordizia bizirik mantentzeko modu bat ere bada. Bono-kanpainaren bidez, herritarrei beren beharrei erantzuteko herriko establezimenduen aldeko hautua egiteko erraztasun bat eskaini nahi diegu, eta, aldi berean, gure saltokiei lagundu».

Zorion Intsaustik ere kanpainaren garrantzia nabarmendu du, eta herritarrak herriko establezimenduetan erostera animatu ditu: «Ordiziak merkataritza eta zerbitzu eskaintza zabala eta askotarikoa du. Herrian erostea egunero gure establezimenduak eta kaleak bizirik mantentzeko lan egiten duten pertsonak babestea da. Bono hauek aukera ona dira herritarrek tokiko eskaintza ezagutzeko eta gertuko merkataritzaren alde egiteko. Era berean, sektoreko establezimenduak horrelako ekimenetan parte hartzera animatu nahi ditut, elkarlanean gure herriko merkataritza indartzen jarraitzeko».

Non eta noiz erosi bonuak?

Bonuak azaroaren 16tik aurrera erosi ahal izango dira, agortu arte, Ordiziako Merkataritza Bulegoan bakarrik (Santa Maria kalea, 21), eta egun horretatik hasita, abenduaren 16ra bitartean erabili ahal izango dira, kanpainarekin bat egin duten 74 establezimenduetan.

Kanpainaren bidez, Udalak herritarrak Ordiziako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen eskaintza ezagutzera eta erabiltzea lehenestera animatu nahi ditu, bereziki udazken-neguko denboraldian eta Gabonetako erosketen atarian. Ordizian merkatarien elkartearekin elkarlanean antolatutako ekimen honek herriko establezimenduei laguntzea eta Ordiziako kaleei bizitasuna ematen jarraitzea du helburu.

WhatsApp Image 2026 11 12 at 15.02.26

 

bot plus

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza