Image
Image

Movember kanpaina martxan izango da azaroan, gizonen osasunari arreta jartzeko

Movember kanpaina martxan izango da azaroan, gizonen osasunari arreta jartzeko

Goierri MoHerri taldeak Movember 2026 kanpaina aurkeztu du gaur, Ordizian, gizonen osasunaren inguruko kontzientziazioa sustatzeko eta prebentzioaren garrantzia nabarmentzeko. Aurkezpenean Adur Ezenarro Ordiziako alkateak ere parte hartu du, eta kanpainaren helburuak eta azaroan zehar egingo diren jarduerak azaldu dituzte.

Movember nazioarteko mugimenduak hiru arlo nagusi ditu ardatz: prostatako minbizia, barrabiletako minbizia eta osasun mentala, bereziki suizidioaren prebentzioa. Kanpainaren bidez, gaixotasun horien inguruko informazioa zabaldu nahi da, diagnostiko goiztiarraren garrantzia azpimarratu eta gizonen artean osasunaz eta ongizate emozionalaz modu irekiagoan hitz egiteko espazioak sortu.

Minbiziaren ikerketari dagokionez, Movemberrek finantzatutako bi proiektu nabarmendu dituzte aurkezpenean. TIGER entseguak kimioterapia jaso ondoren barrabiletako minbizia berriro agertu zaien pazienteentzako tratamendu egokienak aztertzen ditu. IRONMAN proiektuak, berriz, prostatako minbizi aurreratua duten pazienteen datuak eta esperientziak biltzen ditu nazioartean, tratamenduen eraginkortasuna, albo-ondorioak eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko.

Osasunaren prebentzioari dagokionez, taldeko kideek gogorarazi dute garrantzitsua dela beharrezko azterketa medikoak egitea eta gorputzean antzematen diren aldaketei arreta jartzea. Osasun mentalaren esparruan, berriz, gizonek beren emozioak, kezkak eta zailtasunak partekatzeko duten beharra nabarmendu dute. Horretarako, elkarrizketa zintzoak eta elkarri laguntzeko sareak sustatzea funtsezkotzat jo dute.

Adur Ezenarro alkateak ere osasunaz hitz egitearen eta elkar zaintzearen garrantzia azpimarratu du: «Batzuetan, asko kostatzen zaigu esatea zerbaitek kezkatzen gaituela, min bat dugula edo laguntza behar dugula. Ohitu gara aurrera egiten, eusten eta askotan isilik geratzen. Baina isilik egoteak ez gaitu indartsuago egiten. Indarra da norberaren burua zaintzea, behar denean laguntza eskatzea eta inguruan ditugun pertsonei zer moduz dauden galdetzea».

Alkatearen hitzetan, Movemberrek prebentzioaz, osasun mentalaz eta minbizien inguruko informazioaz hitz egiteko aukera ematen du, baina baita elkarrizketa horiek urte osoan mantentzeko ere. «Herri bat ez baita plazak, kaleak eta eraikinak bakarrik; elkar zaintzen duten pertsonek osatzen dute», adierazi du. Amaitzeko, kanpaina antolatzen eta sustatzen duten guztien lana eskertu du, eta herritarrak animatu ditu ekimenarekin bat egitera.

Hitzaldiak eta ekitaldi solidarioak azaroan

Goierri MoHerri taldeak hainbat jarduera antolatu ditu kanpaina ezagutarazteko, herritarren parte-hartzea sustatzeko eta ikerketarako funtsak biltzeko.

Azaroaren 12an, osteguna, Javier Asparren urologoak prostatako minbiziari buruzko hitzaldia emango du Beasaingo areto nagusian. Azaroaren 17an, asteartea, Alexander Muela doktoreak, psikologoak eta EHUko irakasleak, suizidioaren prebentzioaz hitz egingo du Ordizian, Bizitzak salbatzen dituzten elkarrizketak izenburupean.

Ekitaldi solidarioei dagokienez, azaroaren 13an, ostirala, umorezko saioa egingo da Ordiziako Herri Antzokian, Gorka Aginagalde, Iñigo Salero, Alex Rabanal eta Kike Biguriren parte-hartzearekin. Azaroaren 20an, berriz, Beasaingo Plazapen, Chuchín Ibáñezek rantxeren musikarekin dantza egiteko aukera eskainiko du, eta ondoren DJ Txominek girotutako dantzaldia izango da.

Horrez gain, Goierriko taberna eta hainbat establezimendutan 75 bat dohaintza-kutxa jarriko dituzte. Taldea azaroaren 7an Beasaingo Odolkien Lehiaketan egongo da, baita Ordizia, Beasain eta Lazkaoko azoketan ere, kanpainako produktuak saltzeko: poloak, poltsak, motxilak eta berrerabil daitezkeen botilak, besteak beste.

Goierriko kirol-taldeek ere bat egingo dute ekimenarekin, partiden hasieran Movemberren aldeko pankarta erakutsiz. Aipamen berezia egin diete Antzar triatloi-taldeko kideei, urtero Lazkaoko igerilekuan Mójate Lazkao ekimena antolatzen baitute dirua biltzeko.

Iaz 8.743 euro bildu zituzten

Iaz, Goierri MoHerri taldeak 8.743 euro bildu zituen Movemberren aldeko ekimenen bidez, eta Espainiako Estatuko diru-bilketa handiena lortu zuten taldeen artean bigarren postuan geratu zen. Aurten kopuru hori gainditzeko erronka jarri dute.

Aurkezpenean, taldeak eskerrak eman dizkie kanpainan modu desinteresatuan laguntzen duten pertsona eta eragile guztiei. Era berean, Eukene Lekuonaren lana aitortu dute; azken 11 urteotan kanpainako kartelak eta merchandising-a diseinatzen aritu da. Aurten, Markel Galdeanok hartu du haren lekukoa diseinu-lanetan.

Movember kanpainak, beraz, azaroan zehar gizonen osasunaz hitz egiteko, prebentzioa sustatzeko eta ikerketari laguntzeko aukera eskainiko du Goierrin. Taldeak herritar guztiak animatu ditu ekimenetan parte hartzera eta bibotea erakutsiz kanpainaren mezua kalean zabaltzera.

WhatsApp Image 2026 10 29 at 12.55.32 1

bot plus

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza