Ordiziako Udalak energia-komunitate bat sortzeko prozesua jarriko du martxan, herritarren parte-hartzearekin. Ekimenaren helburua da energia berriztagarriak sustatzea, energia-eredu jasangarriago baterantz aurrera egitea eta udalerrian energia sortzeko, kontsumitzeko eta kudeatzeko aukera berriak aztertzea.
Ordiziako Udalaren arabera, energia-komunitatearen sorrera-prozesua aukera bat da herrian energia berriztagarrien aldeko urratsak emateko eta herritarren arteko elkarlana sustatzeko. Prozesuan zehar, Ordiziaren behar eta ezaugarrietara egokitutako aukera teknikoak eta parte-hartzeko moduak aztertuko dira.
Hiru saio, energia-komunitatea diseinatu eta sortzeko
Energia-komunitatearen sorrera-prozesuan parte hartu nahi dutenentzat, hiru saio antolatu dira. Saio guztiak Udaletxeko batzar-aretoan egingo dira, 17:30ean:
- Irailak 29, asteartea: Energia-komunitatea ezagutzea.
- Urriak 14, asteazkena: Komunitatearen diseinua.
- Urriak 27, asteartea: Energia-komunitatearen sorrera.
Saioetan proiektuaren helburuak, aukera teknikoak, parte hartzeko moduak eta energia-komunitatea sortzeko eman beharreko urratsak azaldu eta aztertuko dira.
Hala, prozesuan parte-parte hartzeko dei egin du Udalak, Ordizian energia sortzeko eta kontsumitzeko eredu jasangarriago baten oinarriak elkarlanean aztertzeko eta eraikitzeko.