Historia

Villafranca XVI m.Alfontso X.a Jakintsuak, Gaztelako erregeak, sortu omen zuen herria 1256an, herriak sortzeko plangintza orokor bati jarraituz; Segura eta Tolosa ere modu berean sortu ziren.

Hasiera batean, San Bartolome baselizaren ondoan kokaturik zegoen herria, eta"Ordizia" zuen izena. Aurreraxeago aipaturiko errege horrek berak aldatu zion izena, Sevillan 1268ko ekainaren 30ean emandako eskubide berezi baten bitartez. Horrez gain, Vitoriak (gaur egun Vitoria-Gasteiz denak) zituen abantailak eta Foruak ere eman zizkion, eta erregeari ordaindu beharreko zergak ez ordaintzeko baimena ere bai. Antso IV.a, Ausarta, izan zen Alfontsoren ondorengoa, eta emandako eskubide berezia berretsi, eta gainera zergak ez ordaintzeko eskubide gehiago ezarri zituen Valladoliden sinatutako beste agiri bat zela medio.

Badakigu 1397an, Getariako Batzarretan parte hartu zuela Ordiziak, hala baitio partaide zerrendak, izan ere, ordukoa baita gorde den partaide zerrendarik zaharrena.

1467an, beste lege berezi bat jaso zuen, Madrilen urtarrilaren 14ean emandakoa; bertan, Enrike IV.a erregeak urteko bi mila marai eta bestelako zerga batzuk ordaintzetik libre utzi zuen herria, erregeri ematen zizkion zerbitzuen ordainetan. Inguruko herrixkek, Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Legorreta, Zaldibia, eta Lazkaoko zenbait etxek, gaizkile eta herriko jauntxoen ondorioz beren lurretan zegoen ziurtasun falta zela eta, Ordiziarekin bat egiteko eskaera egin zuten babesa lortu eta herriek zituzten abantailak eskuratzeko.

vista de ordizia 19601399ko apirilaren 8an Villafrancak auzolagun bezala onartu zituen. Adiskidetasun Idatzi bat sinatu zuten guztiek, Enrike III.ak Tureganon 1402ko abuztuaren 5ean, eta Errege Katolikoek Cordoban 1492ko maiatzaren 27an berretsi zutena. Inguruko herriak auzolaguntzat hartzearen ondorioz, Ordiziako Alkateak eskumen bereziak hartu zituen, bai auzibide arlokoak, bai zibilak eta baita kriminalak ere; aurretik herri horietan zeuden alkateak auzo-alkate bihurtu ziren. Hala ere, herri horiek beren Udaletxe eta Kontseilu irekiei eutsi zieten, beren lurraldea zedarrituta, beren mendi eta jabegoak eta beren ekonomia administrazioa gorde zuten.

Batasun horrek berrehun urte baino gehiago iraun zuen, baina batasun-behar horren arrazoiak desagertu zirenean, beren udal askatasuna lortzeko irrikitan, herri-amak irainak egin zizkiola eta, banaketa eskatu zuten. Felipe III.ak eman zien ontzat eskaera, errege kutxek dirua behar zutelako eta herrien arteko banaketen ondorioz zerga ederrak jasotzen zituztelako. Lazkaoko etxeek, berriz, Ordiziarekin bat eginik jarraitu zuten 1648ko otsailerarte, urte horretan izan baitzuten berriz beren udala.

Villafranca bakarrik gelditzerakoan, Probintziako Batzarretan prokuradorearen gastuak oso altuak zirela eta, Beasainekin bat egin zuen, eta Villafrancako Batasuna izena ezarri. Batasuna, 1644an sinatu zen eta 1687ko maiatzaren 4an, Arama eta Zaldibia ere batasunean sartu ziren. Arrazoiak berberak izan ziren, ordezkapen gastuak beste herri batzurekin erdi bana egitea. 1710eko apirilaren 10ean Ataun sartu zen batasunean, baina Batzar Nagusiek ez zuten 1712 arte onartu. 1741ean tirabirak hasi ziren Zaldibiarekin, 1768an Aramarekin eta 1818an Ataun eta Beasainekin. Ordutik aurrera, Villafranca bakarrik egon zen. Ordizian 27 sukalde-zerga ordaintzen ziren; eta Probintziako Batzarretan, Korregidore-Lehendakaria-ren ondoan hamabostgarren jarlekuan esertzen zen Ordiziako ordezkaria.

XVIII. mendean, sute ugari izan ziren. (1738, 1751 eta 1794an), baina ez ziren garrantzia handikoak izan, horietatik batek ere ez baitzuen lortu 1512aren martxoaren 18an gertatutako suteak adinako larritasuna; sute hark, erabat suntsitu zuen herria. 1859an beste sute bat izan omen zen, eta herriaren zati bat hondatuta gelditu zen ondorioz.

Herria liberalen alde jarri zenez gero, I. Karlistadan Zumalakarregi Generalak eraso egin zion, 1835ean hain zuzen ere. Maiatzaren 25etik ekainaren 3ra arte iraun zuen erasoak, orduan eman baitzuen amore herriak, irabazteko aukera gutxi zituela konturatu zenean. Bitxikeria bada ere, Don Carlos erregegaiak Ordizia aukeratu zuen, zenbait urte geroago 1875ean, euskal foruak zin egiteko.

Antzina-antzinatik herria Bozue Menor edo Villafranca izeneko Komunitateko partaide izan zen. Komunitate hori lehenengo aldiz 1027 urteko agiri batean ageri da Nafarroako Antxo Handiaren agiri batean. Aralar eta Enirioko mendien etekinen hogeitazortziren bat jasotzen zuen herriak, 1409an "Komenio eta Ajusteagatik" ezarritako diruaren zatia, hain zuzen ere. Komenio hori zela medio Juan Amezketako konpentsatu zen, Gaztelako Enrike III.ak 1400 urtean eman zizkion eta Anaiarteak edo hermandadeak beti beretzat hartu zituen lurrengan eskubideak erreklamatzen zituelako. Komunitateak oraindik ere bizirik dirau eta Ordiziako alkatea da lehendakari.

1970 apirilaren 17an aldatu egin zen izen ofiziala: "Villafranca de Oria" izatetik "Villafranca de Ordizia" izatera igaro zen. 1982ko urtarrilaren 4an behin betiko izena jarri zitzaion: Ordizia.

ORDIZIAKO ARMARRIA

armarria1989ko urtarrilean erabaki zuen Ordiziako Udal Osoko Bilkurak herriko armarria zein zen zehazteko espedienteari ekitea, behin betirako udal erakundearen sinboloa zein zen erregulatzeko.

Udalerrian hainbat armarri zeudenez, horri buruzko xehetasunak emateko agindu zitzaion txostena egiteko aditu bati.

Hari horretatik, Borja de Aginagalde, Eusko Jaurlaritzako Agiri Ondarearen arduradunak gutun bat bidali zuen Udaletxera, eta honako hau adierazi zuen: "Lurralde osoan salbuespen osoko posizioa du Ordiziak: herriko armak datatuta ditu, 1568an hain zuzen ere, monumentu izaera duen testigantzaz, gainera, hau da, parrokiako eskulturan...". Parrokiako agiritegian dauden armarriak dira, aldaretik sakristiara sartzeko ate gainean daudenak zehazki.

Eusko Ikaskuntzak ere egin zuen txostena, eta udal armarria aldatzea onartu zen (1989ko maiatzaren 2ko Osoko Bilkuran), eta honelaxe idatzi zen armarri horren itxura: "Hondo urdin batean urrezko almenaz apainduriko urrezko gaztelu bat, lauki urre koloredun eta beltzen gainean. Ingurua, ertaroko eredu espainiarra mako erpinez amaiturik", Ordizia 1875.