ATE JOKA DA EUSKAL JAIETAKO APARTEKO AZOKA

Gazta lehiaketak bere XLIV edizioa ospatuko du

Asteazken honetan, irailaren 6an, Ordiziako Euskal Jaietako azoka berezia ospatuko da.  Ohiko erakusketa eta lehiaketen artean,  latxa edo Karrantzako ardiaren esne gordinez egindako gazta-lehiaketa ospatuko da. Oraingo honetan ere, giro aparta izango da eta goiz osoan zehar era guztietako lehiaketak, erakusketak eta enkanteak ikusi ahal izango ditu bisitariak.

Jaiaren berri eman dute Foru Aldundian, besteak beste, Xabier Arruti, Nekazaritza eta Landa Garapen Zuzendariak; Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordeak; Jose Miguel Santamaria, Ordiziako alkateak; Miriam Molina, Idiazabal Jatorri Izendapeneko gerenteak eta Mikel Insausti, Kutxa Fundazioako Komunikazio arduradunak.

Irailaren aurreneko asteazkeneko azokan bestelako lehiaketak ere antolatu dira: Fruitu eta barazki-lehiaketa, Euskal Oiloaren lehiaketa-erakusketa, Gipuzkoako piriniar arrazako  behi-azienda lehiaketa eta Plaza Nagusian astero postua jartzen duten baserritarren Aipamen Berezia. Aldi berean, hainbat erakusketa izango da: Perretxikoak, Euskal Oiloa eta nekazal tresneria eta makinaria.

ARDI LATXAREN EDO KARRANTZAKOAREN ESNE GORDINEZ EGINDAKO GAZTEN XLIV. LEHIAKETA

Lehiaketa herrikoi hau Beti – Alai pilotalekuan izango da. Izen eman duten artzainek Idiazabal Jatorrizko Izendapena edo Artzai Gazta elkarteetan aurkeztu beharko dituzte gaztak irailaren 4rako, 12:00ak baino lehen, orduan amaituko baita izen emateko epea.

Gaztak Ordiziako D’Elikatuz Elikadura eta Gastronomia Interpretazio Zentroan jasoko dira irailaren 6an; eta goizeko 9:15etan gaztak Beti Alai pilotalekura eramango dituzte dantzari, txistulari eta dultzaineroek sortutako giroan eta desfile bat egingo da artzain, agintari, epaimahaikide eta Kofradiako kideekin.

Lehiaketa, berez, goizeko 10:30etan hasiko da eta, Juan Mari Arzak lehendakari dela, hainbat sukaldarik, gastronomia-adituk eta kazetarik osatuko du epaimahaia. 13:30ak aldera jakingo dugu artzain irabazleak nor diren eta, ondoren, saritutako gazten enkantea egingo da.

Aurrez, Ordiziako Udalak eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak, Tito Irazusta kazetariari  aitortza egingo diote,  Ordiziako Gazta Lehiaketaren zabalkundean eta epaimahaiean hainbat urtetan egindako lanagatik.  

Beti-Alairen ondoko pilotaleku txikian, 2007. urteaz geroztik gazta-lehiaketan irabazle izan diren artzainen gaztak jarriko dira salgai.

 

FRUITU ETA BARAZKI-LEHIAKETA, PERRETXIKO ERAKUSKETA

Jose Migel Barandiaran Plazan ere izango da zer ikusia, bertan egingo baita fruitu eta barazki-lehiaketa eta perretxiko-erakusketa.

Sariak Barandiaran Plazan bertan banatuko dira, eta bertan izango da Baserritarren Postuen Aipamen Berezia ere, irailaren 6an, eguerdiko 12etan.

GIPUZKOAKO PIRINIAR ARRAZAKO BEHI-AZIENDA LEHIAKETA

Gipuzkoako piriniar arrazako behien lehiaketa Garagartza Plazan izango da. Herrialdeko abeltzainek bertako piriniar arrazako ganadua jarriko dute erakusgai. Lehiaketaz kanpo,  idiskoen erakusketa ere izango da.

Aurten ere ganadu-lehiaketa herrialde mailakoa izango da, eta soilik piriniar arrazako ganaduena izango da. Sariak 13:00etan banatuko dira Garagartza Plazan, baita euskal oiloen lehiaketako sariak ere.

 

PLAZA NAGUSIKO BASERRITARREN POSTUEN AIPAMEN BEREZIA

EUSKAL OILOEN XXXVI. ERAKUSKETA- FERNANDO OROZCOREN OROIMENEZKO XIV. SARIA

Ordiziako Plaza Nagusian asteazkenero parte hartzen duten baserritarrei Aipamen Berezia egingo zaie. Ordiziako azokara leial etortzen diren baserritarren esfortzuari eman nahi zaio balioa Aipamenarekin.

Goen Plazan Oiloen XXXVI. lehiaketa-erakusketa / Fernando Orozcoren Oroimenezko XIV. Sarian honako arrazak aurkeztuko dira: marraduna, gorria, beltza, zilarra eta lepasoila.

AZOKA BEREZIKO BESTE POSTU BATZUK

Zuhaiztin (Arboleda), Beti Alai frontoiaren parean, Idiazabal Jatorrizko Izendapena duten gaztak ipiniko dituzte salgai, eta, gainera, Arabar Errioxako zenbait ardo-egileren postuak ere jarriko dira. Urdaneta, Santa Maria-Andre Maria eta gudarien Etorbidea kaleetan, berriz, eskuz egindako nekazaritzako elikagaien salmenta-postuak egongo dira; hala nola, ogia, taloak, eztia, euskal pastela, gozokiak... Artisautzari dagokionez, GABILTZA, Gipuzkoako artisau elkartearen salmenta-postuak ikusi ahal izango dira Beti Alai ondoko frontoi txikian. Ordizia kalean, berriz, nekazaritza makinen erakusketa ipiniko da.

 

URREZKO KUTXA GARAIKURRA-2017

Beste behin ere Urrezko Kutxa Garaikurra emango zaio azken 10 urteetan lehen postua hiru aldiz lortu duenari.

Saria banatu eta hurrengo urtetik aurrera, berriro hasiko gara denbora-tartea zenbatzen sari berri bat banatu ahal izateko.

2009. urtean  irabazi zuen lehengo garaikurra Elgoibarko Jesus Ansolak eta 2013an Ricardo Remiro Eulateko artzaiak lortu zuen.

ORDIZIAKO GAZTA LEHIAKETAKO AZKENEKO HAMAR IRABAZLEAK

2006          J. Aranburu Elkartea (Idiazabal)

2007          Jesus Ansola Juaristi (Elgoibar)

2008          Rikardo Remiro (Eulate)

2009          Jesus Ansola Juaristi (Elgoibar)

2010           J. Aranburu Elkartea (Idiazabal)

2011           Rikardo Remiro ( Eulate)

2012           Jon Etxebarria (Zeanuri)

2013            Ricardo Remiro (Eulate)

2014            Karmele Murua (Segura)

2015            Jon Etxebarria (Zeanuri)

2016            Joseba Insausti (Ordizia)

 

ARDI LATXAREN EDO KARRANTZAKOAREN ESNE GORDINEZ EGINDAKO GAZTEN XLIV. LEHIAKETA

Ordiziako Udalak  Ardi Latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako gazten lehiaketa  antolatu du aurten ere, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin eta Idiazabal Jatorrizko Izendapenarekin elkarlanean. Datorren asteazkenean izango da, irailaren 6an alegia. Goizeko 10:30etan hasiko da lehiaketa, Ordiziako Beti-Alai pilotalekuan.

EPAIMAHAIA

Epaimahaia, besteak beste, gastronomia arloko jende ezagunak, kritikariek eta Idiazabal gaztaren inguruko kontuetan adituak direnek osatuko dute. Mahai bakoitzean honako kideak egongo dira:  sukaldari bat, kazetari bat eta Idiazabal Gaztetan aditua den teknikari bat.

LEHENDAKARIAJuanmari Arzak

TEKNIKARIAK

Joserra Agiriano Barrón, Idiazabal Jatorri izendapeneko teknikaria

Jesus Oleaga, Idiazabal Jatorri izendapeneko teknikaria

Marta Albisu Aguado, Idiazabal Jatorri izendapeneko teknikaria

Patxi Pérez Elortondo, Idiazabal Jatorri izendapeneko teknikaria            

Jesús Salmeron Egea, Idiazabal Jatorri izendapeneko teknikaria

Marisol Vicente, Idiazabal Jatorri izendapeneko teknikaria

Inaxio Abezia, Idiazabal Jatorri izendapeneko teknikaria

SUKALDARIAK

Martín Berasategui, “Martín  Berasategui “ Jatetxea, Lasarte   

Hilario Arbelaitz, “Zuberoa” “ Jatetxea, Oiartzun

Pedro Subijana, “Akelarre” “ Jatetxea, Donostia                     

Elena Arzak, “Arzak” “ Jatetxea,Donostia

David Yarnoz, “ Molino de Urdániz “ Jatetxea, Urdániz (Nafarroa)

Matías Gorrotxategi, “Casa Julian”, Tolosa                          

Ruben Trincado, “Mirador de Ulia” Jatetxea, Donostia       

Ander Gonzalez, “Astelena” Jatetxea, Donostia

Zigor Iturrieta, Sukaldaria eta EITBko aurkezlea

Aizpea Oihaneder,  “Xarma” Jatetxea, Donostia

KAZETARIAK

Mikel Zeberio, Kazetari Gastronomoa "PETRA MORA/ BCC “

Oraitz Gartzia Recondo, “DIARIO VASCO“ Kazetaria                       

Mitxel Ezkiaga,  “DIARIO VASCO“ kazetaria       

David de Jorge, Gastronomia aholkularia eta Telebistako aurkezlea

Josema Azpeitia,  “Ondo Jan” gidako zuzendaria

GONBIDATUAK

Joxe Mari Aizega , “Basque Culinary Center”  Zuzendaria                 

Ramon Roteta, “Euskal Sukaldaritza Berria” sustatzaileen ordezkaria 

Luis de Lezama, “Grupo Lezama” Jatetxeak

 

SARI APARTAK

Gazta-lehiaketak lortu duen maila ikusita eta eskuz egindako Idiazabal gaztari dagokionez protagonista nagusiak artzainak direla aitortzeko hauek dira banatuko diren diru-sariak:

LEHEN SARIA: 1.550 euro - KUTXAren garaikurra – 12.000 etiketa esaldi honekin: ORDIZIAKO TXAPELDUNA, ARTZAIAREN IZENA eta URTEA  eta Diploma          

BIGARREN SARIA:  750 euro, ORDIZIAKO UDALAren GARAIKURRA   eta Diploma       

HIRUGARREN SARIA:   430 euro, ORDIZIAKO UDALAren GARAIKURRA eta Diploma     

LAUGARREN SARIA: 210 euro eta Diploma

BOSGARREN SARIA: 180 euro eta diploma

ENKANTEA

Ordubata terdik aldera eta gazta lehiaketaren sailkapena ezagutu ondoren gazta irabazlearen enkantea egiten da. Enkantea da, ezbairik gabe, azoka bereziaren unerik ikusgarrienetako bat.

Enkantean jasotakoa Ordiziako San Jose Egoitzak jasoko du.

 

EUSKAL JAIETAKO AZOKA BEREZIA – HISTORIA LABURRA

Ordiziako lehenengo azokak San Bartolomé (XI-XII m.) baselizaren inguruan egin ziren, orduko garaiko ordiziarrak eta ingurukoak elkartzeko tokia zen. Orduko lehen merkataritza-topaketak finkatu eta arautu egin ziren Ordiziako gunea Hiribildu bihurtu zenean eta Ordiziak Gasteizko Forua lortu zuenean.

1268an Ordiziako hiribilduak Gasteizko Forua lortu zuen, beste pribilegio batzuen artean, altxor publikoari ezer ordaindu gabe, herritarrek funts-ondasunak saldu, erosi edota izateko erabateko ahalmena zutelako.

1512ko maiatzaren 15ean Joana erreginak asteazkenetan azoka frankoa egiteko
errege-baimena eman zion Ordiziari, azokaren bidez herria berreraikitzen laguntzeko, izan ere, urte horretako martxoaren 18an izan zen suteak herria hondatu baitzuen. Hala ere, ziurrenik, lehenagokoa izango da azoka hori.

1614an, San Bartolome egunez urtero azoka berezia egiteko eskumena eman zion erregeak eta, gerora, azoka egun hori irailaren 8ra aldatu zen. Horixe da, hain zuzen ere, Euskal Jaietako egungo Azoka Bereziaren jatorria.

Euskal Jai hauen ospakizunei buruzko erreferentzia ugari dago; adibidez, 1904an Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hiribilduko Udalak antolatu zituzten eta hainbat lehiaketa egin ziren jai haien barnean: txahalak, bertako eta kanpoko zezenak, zaldiak eta astoak, txerriak, untxiak, bertako nekazaritza-produktuak –gurina, eztia, argizaria, sagarrak, madariak, gazta–, nekazaritzarako makinak, etab. 2004 urtean festa hauen lehen urteurrena ospatu zenez Ordiziako Udalak jatorria ikertu zuen.

Jai hauen iturburua Anton Abaddia zientzialari eta bidaiari nekaezinak antolatzen zituenetan aurki dezakegu; izan ere, gizon hori ekintza hauetan ere aritzen zen, euskara eta euskal kanten azterketan aritzeaz gain. Abaddia jaunak 1853an Urruñan Euskal Jaiak bultzatu zituen, eta euskal izaeraren hainbat alderdi azaleratzen ziren jai horietan.

1904an Ordizian egin ziren Euskal Jaiei dagokienez, historiak garrantzitsutzat jo zituen, eta Batzorde Berezia sortu zuten garai hartako alkateak, Salustiano Iturriozek, eta beste hainbat pertsonak. Herriko kaleak eta udaletxea apaindu zituzten eta Euskal Jaien bizkarrezurra osatu zuten, gaur egun oraindik ere irauten duten zenbait ekitaldirekin.

Asteazkenero egiten diren “ohiko” azokez gain eta ostiralekoaz gain, urtero azoka bereziak antolatzen dira, azpimarratzeko modukoak honakoak: Gabonetako ez-ohiko azoka, Artzain Eguna, Arabar Errioxako ardo azoka, Erdi Aroko azoka, Artisaualdia…

 

ARDI LATXAREN EDO KARRANTZAKOAREN ESNE GORDINEZ EGINDAKO
GAZTEN LEHIAKETAREN  HISTORIA

Badakigu iraileko azoka berezian gazta-lehiaketa antolatzen dela 1904. urtetik gutxienez. Urte horretan, Euskal Jaietan bertako ardi-gaztaren lehiaketa egin zen eta hauexek izan ziren lehiaketa haren emaitzak:

1.      Francisco Mª Muñoz (Zerain).     Saria: 30 pezeta

2.      Martin Jose Irastortza (Zaldibia). Saria: 20 pezeta

3.      Jose Antonio Elortza (Idiazabal). Saria: 10 pezeta

Gaur egun izaten den gazta-lehiaketa 60ko hamarkadan hasi zen eta, orain arte, urtero antolatu izan da.

 

Horrela, 1962ko irailaren 5ean, Euskal Jaietan izan zen gazta-lehiaketaren berri eman zuten egunkariek eta hauexek izan ziren urte hartako emaitzak:

1. Santos Lopez, Okondogoienakoa (Araba) 250 pta.

2. Indalecio Martinez, Araiakoa (Araba)          100 pta.

3. Martin Martinez, Araiakoa (Araba)              100 pta.

4. Jose Mª Oyarbide, Urbasakoa (Nafarroa) 100 pta.

 

1964az geroztik, Kutxak babesten du lehiaketa.

1972an hogei artzainek parte hartu zuten.

1973an irabazlea Juan Aldasoro zegamarra (Aizkorri – Sancti Spiritu) izan zen eta 3.000 pezeta eta Kutxaren garaikurra jaso zituen.

1974an gazta-lehiaketaren araudia idatzi zen eta honako izena eman zitzaion: LATXA ARDIAREN ESNEZ ARTZAINEK EGINDAKO GAZTEN I. LEHIAKETA.

Urte horietan guztietan, epaimahaia hiribilduko gastronomia elkarteetako bi ordezkarik eta ardi-gazta kontuetan adituak ziren bi pertsonek osatu zuten, Jose Castillo eta Jose Maria Busca Isasiren gidaritzapean.

1980ko irailaren 10ean, VII. lehiaketan, EUSKAL SUKALDARITZA BERRIARENsortzaileek hartu zuten parte epaimahaian: Juan Mª Arzakek, Pedro Subijanak, Karlos Argiñanok, Jose Juan Castillok; horiekin eta gastronomia-elkarteetako ordezkariekin batera, epaimahaian CAMBIO 16 aldizkariko Xavier Domingo kazetariak ere hartu zuen parte. Urte horretan berrikuntza nabarmen eta garrantzitsu bat izan zen: gazta erdia ENKANTEAN saldu zen (bildutako dirua Ordiziako Zaharren Egoitzarentzat izan zen). Lehenengo enkantean, Arzakek 12.000 pezetaren truke erosi zuen Jose Antonio Etxabe Barandiaran zaldibiarrak (Aralar-Konporta) egindako gaztaren erdia. Arrakasta handia izan zuen enkanteak.

1990eko irailaren 4an Idiazabal Gaztaren Kofradia osatu zen, “latxa ardiaren gazta-lehiaketa garatu eta sustatzeko” helburuz. Izugarrizko eragina izan zuen gertakari hark lehiaketaren etorkizunean, une horretatik aurrera, Ordiziako Udalaren jarraibideak betez, Kofradia bera arduratu baita lehiaketa antolatzeaz.

1992an Juan Mª Arzak izendatu zuten Gazta-Lehiaketako Epaimahaiko Presidente.

2000. urtetik aurrera, lehiaketan parte hartzen duten gazten jatorria ongi ziurtatzen bazen ere (irabazten duen gaztaren analisia, egilea artzaina dela erakusten duen ziurtagiria…), gazta-lehiaketak aldaketa nabarmenak izan zituen, lehiaketan parte hartzen duten gazten jatorriari buruzko bermea indartu nahian.

 

Oinarri berrietan baldintza zehatzagoak ezarri ziren eta, horien artean, hauexek nabarmenduko ditugu:

1. Lehiaketan parte hartu nahi duten artzainek aldez aurretik eman behar dute izena.

2. Gaztek KASEINA-PLAKA eduki behar dute

3. Artaldeek gutxienez 100 ardi izan behar dituzte eta soilik latxa arrazako ardiak onartuko dira bertan.

4. Nekazaritzako Gizarte-Segurantzan alta emanda egon behar dute parte hartzen duten artzainek.

5. Halaber, artzainek, gazta egiteko OSASUN ERREGISTROAN titular izan behar dute.

6. Epaimahaia 21 pertsonak osatuko dute, eta zazpi mahaitan banatuko dira. Mahai bakoitzean hiru epaimahaikide egongo dira: TEKNIKARIA, KAZETARIA eta SUKALDARIA.

 

Aurtengoan ondorengo artikulua erantsi da, AZTIk garatutako kontrol teknika berria dela:

Antolakuntzak, beharrezkoa ikusiko balu, lehiaketara aurkeztutako gazten DNA froga edo bestelakoak egiteko eskaera egin dezake, Idiazabal Jatorri izendapenaren kontrolpetik kanpo egonez gero.

Parte-hartzaileak 50-60 artean izaten dira. 1991n hautsi zen errekorra: 109 artzainek parte hartu zuten. Irabazlea Martin Jose Eizmendi Iza izan zen.

1980an Juan Mª Arzakek 12.000 pezeta ordaindu zituenetik Larzabal Jatetxeak 2000. urtean 550.000 pezeta ordaindu zituenera, enkanteak izugarrizko bilakaera izan du; 1986an Sebastian AZPIRIk 115.000 pezeta ordaindu zituen; 1991n Egosarri jatetxeak, 360.000 pezeta; eta 2000. urtean Larzabal jatetxeak 550.000 pezeta. 2002. urtean 4.100 euro (682.000 pezeta) ordaindu zituen Uranga margolariak. 2003. urtean, berriz, 5.100 euro (850.000 pezeta) ordaindu zituzten Ordiziako POTTOKA tabernako Aitor Urretak eta MARTINEZ jatetxeko sukaldari Xabier Martinezek. 2004an, Lierniako Patxi Erretegiak  (Gipuzkoa) 12.100 euro ordaindu zituen. 2010ean Beasaingo Dolarea Hotelak, berriz, 7.200 euro ordaindu zituen. 2011 urtean 7.300 euro ordaindu zituen Bilboko Porrue jatetxeak, 2012an 7.400 euro Catalana Occidente aseguroetxeak, 7.500 Bergarako Bolintxo okindegiak eta 2014 han berriro errekorra ezarri zuen Idiazabalgo AMPO KOOP. Elkarteak bere 50. urteurrenean gazta erdiagatik 13.050€ ordainduz. 2015ean Catalana Occidente aseguroetxeak errepikatu zuen bere 2012ko eskaintza hobetuz, 7.600€rekin eta 2016an Okeletxe Harategiak eraman zuen 8000 eurogatik.

1984an, lehiaketa eta, batik bat, Idiazabal gaztaren kalitatea hobetu nahian, “ORDIZIA TXAPELDUN” izeneko lehiaketa berria sortu zen; lehiaketa horretan, hasieran, azken bost urteetan iraileko azokan Ordiziako Gazta Lehiaketa irabazi zuten artzainek parte hartzen zuten soilik. Gaur egun, azken hamar urteetako irabazleek hartzen dute parte, oinarrietan zehazten den legez.

IDIAZABAL GAZTAREN JATORRIZKO IZENDAPENAK 1989az geroztik parte hartzen du lehiaketan eta elkarteak ematen dituen aholkuek eta jarraibideek izugarrizko garrantzia dute; artzainen elkarteek ere laguntza paregabea eskaintzen dute.

Orain dela hogei eta hamar urte URREZKO KUTXA GARAIKURRA sortu zen. Azken 10 urtetako txapelketetan lehen postua hiru aldiz irabazi duen gaztagileari ematen zaio sari hau. 2009. urtean, Jesus Ansolak (Elgoibar) jaso zuen lehen aldiz aipatutako garaikurra eta 2013an Ricardo Remirok (Eulate)  lortu zuen.

1984 urtetik hona irabazleak horrela banatu dira: 19 gipuzkoarrak, 8 nafarrak eta 5 arabar. 2012. urtean aurreneko aldiz artzain bizkaitar batek irabazi zuen lehiaketa, Zeanuriko Jon Etxeberria artzainak, 2015ean bere bigarren garaipena lortuz.

 

              ORDIZIAKO GAZTA TXAPELKETAN 1984TIK AURRERA IRABAZLEAK

1984        Ignacio Imaz Irizar (Idiazabal)

1985        Santos Fernández Machinabeita (Alsasua)

1986        Eugenio San Román Txitxarro (Alsasua)

1987        Rosita Agirre Murgi (Eulate)

1988        Jesús Mª Imaz Insausti (Idiazabal)

1989        Nicolás Remiro Murgialdaiz (Eulate)

1990        Miguel Mª Agirre Amiano (Alegia)

1991        Martín José Eizmendi Iza (Errezil)

1992        Guillermo Zugazua Saez de Nanclares (Zuazo de San Millan)

1993        Julián Etxeberria Iztueta (Berastegi)

1994        Mª Concepción Aldasoro Begiristain (Mutiloa)

1995        Félix Goiburu Errazkin (Segura)

1996        Domingo Goiburu Urrestarazu (Idiazabal)

1997        Jesús Aramburu Urbieta (Idiazabal)

1998        Jose Luis Pérez de Albeniz (Egino)

1999        Arantza Segurola Oiarzabal (Legazpia)

2000        Mª Carmen Pérez de Albeniz (Muniain)    

2001        Jose Ignacio González de Heredia (Larrea)

2002        Mª Ángeles Iñurrategi Arocena (Zerain) 

2003        Pascual López de Uralde Ruiz de Azua (Larrea)

2004        Ángel Errazti Oñaderra (Azpeitia)  

2005        Jesus Ansola Juaristi (Elgoibar)

2006        J. Aranburu Elkartea (Idiazabal)

2007        Jesus Ansola Juaristi (Elgoibar)

2008        Rikardo Remiro (Eulate)

2009        Jesus Ansola Juaristi (Elgoibar)

2010        J. Aranburu Elkartea (Idiazabal)

2011        Rikardo Remiro ( Eulate)

2012        Jon Etxeberria (Zeanuri-Bizkaia)

2013        Ricardo Remiro (Eulate)

2014        Karmele Murua (Segura)

2015        Jon Etxebarria (Zeanuri)

2016        Joseba Insausti (Ordizia)