Erakusketarekin batera  “Kapulana bat zintzilik” emanaldia Miren Amuriza bertsolariarekin ostegunean  18:00etan.

Orkliren eskutik eta  Mundukide Fundazioak antolatuta, azaroaren 17tik 25era Barrena Kultur Etxeko atarian Mudukide fundazioa lanaren inguruko argazki erakusketa izango da ikusgai. Mundukide gobernuz kanpoko erakundeak, hamabost urte betetzen dituela eta, argazki erakusketa bat antolatu du, eta argazkietako irudiak eta datuak janzteko eskatu dio Miren Amurizari bertsolariari. Hortik sortu da “Kapulana bat zintzilik” emanaldia; Mozambiketik bueltan ekarritakoak ipuinetan eta bertsotan jaso ditu Amurizak eta ostegun honetan, hilaren 17an, arratsaldeko 18:00etan emanaldia eskainiko du Amurizak Barrenan.

Kapulanak Mozanbikeko emakumeen oihal koloretsuak dira; soineko moduan, haurrei lepoan eusteko, jana biltzeko edota etxeak apaintzeko baliatzen dituztenak. Hain dira erabilera anitzekoak, ezen edozer aurki baitaiteke zapi handion estalpean. Emanaldi honetan, kapulana bat zabalduko dugu eta bertan gordetako kantu, kontu eta irudiak aterako. Mozanbikeko lurrazalaren historiatik hasita, emakumeen eskuetako azal zimurrak irakurtzeraino egingo dugu bidaia. Tarte horretan kooperazioaz, nekazaritzaz, haurtzaroaz edota hizkuntzaz arituko da Miren Amuriza, Eider Eibarren ilustrazioak lagun hartuta; hala bertsoz, nola ipuinez. Ez da abentura baten kronika izango, ezta Gobernuz Kanpoko Erakunde baten hitzaldia ere; hausnarketa txikiz eta galdera handiz josiriko kontakizuna baizik. Hala nahi duenarentzat, bere gogoetak eskegitzeko oihal zabala; horixe da “Kapulana bat zintzilik”.

Emanaldian Miren Amurizak gai desberdinak aipatuko ditu; kooperazioa, nekazaritza, haurtzaroa, hizkuntza... «gai horiek denak kapulana batean bildu eta zintzilik jarriko ditut, jendeak nahi duena har dezan». Gainera, lantzen den gai bakoitza Eider Eibarren ilustrazio batekin lagunduta joango da.

Mundukide Fundazioa 1999. urtean sortu zen, kooperatibetan makina bat urtetan lanean aritu eta bailarako GGKEetan parte hartzen zuten hainbat pertsonek bultzatuta. Mondragon Taldeari ideia aurkeztu ondoren, neurri batean erakundearen babesa jaso zuten. Momentu honetan fundazioak bi lan ildo nagusitan egiten du lan: alde batetik Mozanbiken, garapen sozioekonomikorako programak bultzatzen ditu, garapen txikiagoko herrialdea izanik, enpresa sozialak, nekazal garapena eta azpiegitura basikoak bultzatzen ditu. Beti antolakuntza eta eredu kooperatiboa erreferente izanda.    Bestalde, eredu kooperatiboarekin ideologikoki afinitatea duten sendotutako talde eta erakundeen eskaerei erantzunez, prestakuntza programak, laguntza teknikoa eta erakundea bera indartzeko formazio programak antolatzen dira; Mondragon esperientziaren ezaugarriekin bat egiten baitute eta erabilgarria izan daitekeelako beraientzako ere. Kooperazio mota hau Brasil eta Kuba egiten delarik.