Txalo ekoizpenak “DATORREN URTEAN HOBETO” lana aurkeztuko du ostiralean

“Datorren urtean hobeto” lanak zabalduko du Ordizian “Antzerki garaia” programazioaren hoigeitabigarren edizioa, ostirala honetan, hilaren 15ean, gaueko 22:15ean. “Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.

Oholtza gainean Itziar Urretabizkaia (Donostia, 1979), Ainhoa Garai (Arrasate, 1983) eta Iraitz Lizarraga (Zizurkil, 1979) egongo dira, hainbat emakumeren azalean jarriko direlarik, eta Begoña Bilbao arduratu da zuzendaritzaz. Testu honen jatorria Katalunian dago eta bere egileak Marta Buchaca, Carol Lopez, Merce Sarrias eta Victoria Szpunberg dira; Bartzelonan eta Madrilen arrakasta handia izan du antzezlan honek bere katalanezko eta gaztelerazko bertsioekin. Euskarazko bertsioa Martin Agirrek egokitu du eta lau protagonistatik hiru izatera aldatu du bertsio honetarako.

30 urte inguru dituzten emakumeen desesperazioa islatzen du komediak. Zer pasatzen da 30 urte bete dituen pertsona baten burutik? Adin horren inguruan dabiltzan emakumeen kezka, krisi eta pentsamenduak agerian geldituko dira obran. Estabilitate ekonomikorik ez izatea, etxebizitza ez lortzea eta gurasoekin bizi behar izatea edo pisua konpartitu behar izatea dira arazoetako batzuk, baina badaude beste mota bateko kontuak: haurra eduki edo ez eduki erabaki behar duenaren istorioa, lan bila doazen emakume ezberdinak elkartzen diren eszena bat edo bikotekidea eduki arren abentura bat nahi duena.

 ‘Datorren urtean hobeto’ antzezlana bizitzako pasarteak dira, bakarrizketa laburrak, pentsamenduak, kronikak, elkarrizketa motzak, zerbaiten hasiera, hainbat egoera, kilikagarriak askotan, gure errealitatearen islada, harrika bidaltzeko moduko esamoldeak, apaingarri eta arinkeriatan ibili gabe. Nahi adina emakume klase irudikatuko duten hiru aktore, inguruan gertatzen zaigunari tiraka. Krisialdiak, egonean gabe ihes egin nahiak, lainezak, arrangurak... Lau eskutara idatzita dago, umorez zipriztinduta eta ziria sartzeko prest.Egoera hauek guztiak erakutsiko dizkiete Datorren urtean hobeto (Txalo) antzezlana ikustera joango direnei, eta barre algarak sortzeko gogoz daude hiru protagonistak.

Antzerkiarekin hitzordua ostirala honetan, gaueko 22:15ean, Ordiziako Herri Antzokian. Sarrerak aldez aurretik Barrena Kultur Etxean salgai.