Kontzertua igande honetan, hilak 15a, arratsaldeko 6:30etan Parrokian.

Ordiziako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Barroko Aire kontzertu zikloarekin jarraituz, datorren igandean, hilak 15a, Ordiziako Parrokia Elizan, arratsaldeko 6:30etan, bigarren kontzertua entzuteko aukera izango dugu, L’Incontro bikotearen partaidetzarekin. Oso konbinazio bitxia eta erakargarria oboek eta harpak eskainiko dizkiguna, Itziar Lujanbio eta Francesca Romana di Nikola musikarien eskutik.

L’INCONTRO bikoteak, Francesca Romana di Nicola harpistak eta Itziar Lujambiooboejoleak osatzen dute. Biek Musikeneko Goi Mailako ikasketak egiten ari zirela topo egin zuten Donostian. Bakoitzak bere bidea jarraitu zuen etapa honen ondoren. Itziar Koloniara abiatu zen bere formakuntzarekin jarraitzera eta Francesca maila nazional eta internazionalean  kontzertuak  ematen aritu da. Hiru urte ondoren berriro elkartu dira Euskal Herrian ikasi duten guztia partekatu, aberastu eta elkarrekin errepertorio zabal bat lantzeko. Euskal Herri eta Frantzian eman dituzten kontzertuen artean, Donostiako Musika Sakratuaren Zikloan emandakoa azpimarratzen dugu, Donostia Kulturak antolatua.

Itziar LujanbiokDonostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan eta Musikenen egin zituen prestaketa ikasketak. Eta trebatzen jarraitu zuen Alemaniako Hochschule für Musik und Tanz Köln kontserbatorioan. Euskadiko Orkestra Gazteko eta  Francisco Escudero orkestrako kide izan da. Halaber, Euskadiko Orkestran, Bonneko Klassiche Phillharmonien, Italiako Spira Mirabilis orkestran eta Arimaz Orkestran ere ibilitakoa da.

Xare Laborategiko kide da martxan jarri zenetik, 2009. urtetik. Begiradak izeneko albuma argitaratu du Mugan Duo bikotearekin eta hor jasotzen dira euskal konpositoreek piano eta oboerako egindako obrak.

Francesca Romana Di Nicola, L’Aquilako A. Casella Goi Mailako Kontserbatorioan ikasi zuen. Erromako Fundación Arts Academy eskolan, berriz, arpa zeltiarra eta paraguaiarra ikasi zituen. 2005. urtean Musikeneko beka bat lortu ondoren, arpako gradua lortu zuen F. Cambreling eta C. Icarten zuzendaritzapean. 2006. urtean, berriz, Florentziako Maggio Musicale Fiorentino Antzerkiko Orkestrak ematen duen beka lortu zuen, Zubin Mehtaren zuzendaritzapean. Beste orkestra hauetan ere ibilia da: Siriako Orkestra Sinfonikoa, Officina Musicale Italiana, Orquesta Sinfónica di Pescara, Oviedoko Orkestra Filarmonikoa, Sevillako Zahir Musika Garaikideko Ensemble, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Pau eta Bearneko Orkestra, Orchestra Regionale Umbra, Das neue Orchester orkestra eta Parisko Ensemble Intercontemporain.

Kontzertuko programan Bach, Haendel, Vivaldi eta Telemannen hainbat lan nabarmentzen dira.

Musika barrokoarekin disfrutatzeko aukera erakargarria, igande honetan, hilaren 15a, Ordiziako Parrokian, arratsaldeko 6:30etan.