“Zure hatzaren ez galtzeko” errezitaldi musikatua Itxaro Borda poetisarekin eta Itsaso Gutierrez guitarra jolearekin. Hitzordua ostiralean gaueko 22:00etan Barrenan

Ordiziako Kimetz Emakume Elkarteak, urtero antolatzen duten literatur lehiaketako sariak banatuko ditu datorren ostiralean.  Ekitaldi hori osatzeko, Itxaro Bordak, idazlea, eta Itsaso Gutierrezek, guitarra jolea, “Zure hatzaren ez galtzeko” errezitaldi musikatua eskeiniko dute. Sari banaketa 22:00etan hasiko da, eta segidan egingo dute poesia eta musikaren emanaldia, Barrena Kultur Etxean. Sarrera, debalde izango da.

Elkar argitaletxeak plazaratu zuen poesia bilduma hori 2014ko irailean. Hondar bost urteetan idatzi olerkiak biltzen ditu, omenaldiak asko eta gehienak esker onezkoak. Ahoan bilorik gabe isurtzen da idazlearen pentsamendu bizitorea poema hauetan. Musikaz lagundurik ematean are indar handiagoa dute: gitarra elektrikoa ezin hobeki dagokie. Aldion Itsaso Gutierrezena.

Itxaro Borda 1959an jaio zen Oragarren (Nafarroa Beherea), eta azken bizpahiru hamarkadetako Ipar Euskal Herriko euskal egile garrantzitsuena da. Nekazaritza eta Historia ikasi zituen, eta gazterik hasi zen idazten. Paue, Paris eta Maulen bizi ostean, Baionan bizi da gaur egun, eta bertako posta-zerbitzuan egiten du lan. Ipar Euskal Herriko Seaska ikastolen elkarteko lehendakari izan zen, eta Maiatz aldizkariaren sortzaile eta idazle (oraindik ere) izateaz gain, zuzendari-kargua ere eduki zuen.Idazlea, poeta, artikulu eta abesti testu egilea Euskal Herriko hainbat musikarirentzat. Gazte-gazterik hasi zen izkiriatzen eta ez da oraindik gelditu. Euskadi Literatura saria izabazi zuen 2002an %100 Basque nobelarekin. Poesia irakurtaldiak eskaintzen ditu, soinulari ezberdinekin. Ogella Line eta Gu(gaur) arrotz(ak) disko-liburuak daude esperientzia horien lekuko.

Itsaso Gutierrez 1978an sortu zen Donostian. Irakaslea da ogibidez. Musika Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako ikasketak egin zituen EHUn. 2003. urtetik Zurriola Ikastolan dabil irakasle. Musikako ikasketak eta biolin ikasketak ere egin zituen. Hainbat musika-taldetan ibili da, musika-egile, gitarra-jotzaile zein abeslari: Jauko barik (1997-2005), Keike (2006-2008), Xarma (2009-2011) eta ON (2012-). 2013. urtean ETEN egitasmoa jarri zuen abian, euskal musikaren bitartez emakumeen kontrako tratu txarrak nola irudikatu diren biltzeko; eta musikaren bitartez biolentzia hori ere salatzeko. 2009. Urtetik Irutxuloko Hitzako zutabegilea da, Loretopetik atalean.