Jose Ramon Soroiz eta Iker Galartza aktoreak komedia beltzaren ren protagonistak

Txalo Produkzioak Herri Antzokira “Erdibana” lana ekarriko du ostirala honetan, gaueko 10:15ean.  Antzezlan umoretsua taularatuko du  Konpainiak Herri Antzokian. Jordi Sánchezek eta Pep Antón Gómezek idatzitako "Erdibana" komedia eramango dute taularen gainean aski ezagunak diren Jose Ramon Soroizek eta Iker Galartzak, biak ala biak, barrea transmititzeko gaitasun handia daukaten aktoreak. Begoña Bilbao Lejarzegik zuzendutako lana, itxuraz oso bereziak diren baina ikus-entzuleek oso gertuko eta identifikatzeko erraz sentituko dituzten pertsonaiak erakusten dituen komedia lehergarria da.

“Antzerki garaia” programaren barruan aurkezten den hirugarren muntaia da, eta Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailekin antolatzen da. Programa hau Euskadiko Antzerki Sarearen barruan sartzen da eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailen laguntza jasotzen du .

Urte gehiegi dituen ama bat, enbolia bat, gripe bat eta hiltzeko batere gogorik ez; 50 urte inguruko seme bat, hondoratzen ari den enpresa baten jabe eta urruntzen ari den erretiroa; 42 urteko beste seme bat, ama zaindu, bainatu, orraztu eta ia hil egiten duena; libreta asko eta aurrezki gutxi; "oraintxe bertan" saldu behar den etxe bat; eta gau amaiezin bat, sekretu aitorrezinez betea, azkenean argitara agertu eta funtzioko aitorpenik gordinena eragingo badute ere: "Juan, uste dut ama ez dudala maite", esaten dio Carlosek anaiari. "Ba, aizu, sendatzen bada ", erantzuten dio Juanek. Eta ama senda dadin nahi ez dutenez, hori dagoeneko ez baita ez bizitza ez ezer, amari laguntzeko moduak asmatzen hasten dira, bultzadatxo bat emateko. Hura hiltzeko.

 

Agus Perez kritikariak dionez “komedia honek tanto guztiak dauzka arrakastatsua izateko, eta horren seinale da hizkuntza batzuetara itzuli dela, euskarara barne. Dialogo biziak ditu, bizitza bera bezain naturalak diren egoerak, eta denon gogoan dauden kontuak aipatzen ditu: adinekoen zaintzak dakarren nekea, bi anaien arteko harreman gorabeheratsuak, diruaren usainak pizten duen sukarra... Azkenik, Jose Ramon Soroiz eta Iker Galartza gozatzen ibili dira nor bere rolean, eta, inolako informazio osagarririk ezean, lepoa egingo nuke euren neurrira egin dela testuaren euskaratzea. Izan ere, nire susmoa da zuzendariaren abilezia izan dela haietariko bakoitzari naturaltasun osoz jarduten uztea, bai euskararen tratamenduari bai dikzioari begira ere, eta gauza bera gertatu dela antzezle bien jarduera eszenikoan. Bide horretatik, bikote eszeniko ederra osatu dute Soroizek eta Galartzak”


Komedia eder eta berezi honek algara artean pasaraziko digu antzezlanak irauten duen denbora guztia. Hitzordua, ostrirala honetan Ordiziako Herri Antzokia gaueko 10:15ean. Sarrerak salgai Barrena Kultur Etxea.